Herritarrek 2018ko aurrekontuetara ekarpenak egiteko epea azaroaren 6ra arte

Buzoiak jarriko dira udal eraikinetan eta helbide elektroniko bat zabaldu da

M.G OÑATI.

2018ko aurrekontu orokorrak lantzen dihardu jada Udalak, urte amaiera aurretik onartzeko asmoz. Eta herritarrek ekarpenak helarazi ditzaten deialdia zabaldu du urtero bezala EH Bilduko gobernu taldeak azaroaren 6ra arte. Alde batetik, buzoiak jarriko dira astelehenetik aurrera udaleletxea, kultur etxean, kiroldegian eta Pake Lekun, eta, bestalde e-poztaz ere egin ahal dira ekarpenak, partaidetza@onati.eus.

2018ko aurrekontua osatzeko iturriak anitzak erabiliko dira honenbestez: legegintzaldi plana, udal teknikari eta langileen proposamenak, alderdi politikoen ekarpenak eta baita herritarren ekarpenak, aste hauetan jasotzen direnak eta baita aurretik jasotakoak ere.

Horrez gain, aurtengo aurrekontuak lantzeko Arazerixan ekimena landu zen herriko haur eta gaztetxoekin. Prozesu horretan jasotako hainbat proposamen dagoeneko burutu dira baina beste zenbait 2018ko aurrekontuetan txertatuko dira. Eta 2012an abiatu zen Auzotasun programak ere jarraipena eta isla izango du datorren urteko aurrekontuetan. Urtero 100.000 euroko diru-poltsa erreserbatu eta banatzen du udalak 16 landa auzoen artean; Diru hori zertan gastatu erabakitzen du auzo bakoitzak. Azken urteotan, auzolanean, auzo-lokalak eraberritu, zerbitzuak egokitu edo ondarea berreskuratu da, besteak beste.

Azaroan, Osoko Bilkurara

Aurrekontuen gaia abenduko Osoko Bilkurako gai nagusia izan da urteetan. Aurten, eztabaida aurreratzeko asmoa dago, gaia, azaroko bilkuran aurkeztuz. «Hilabete aurreratzeak esfortzu extra bat eskatuko duen arren, praktikan eraginkorragoa izatea» bilatzen du gobernu taldeak, «izan ere, azaroan onartu eta urte amaiera bitartean argitaratuz gero, aurrekontuen garapenerako urte natural osoa izango baita, lehen aste edota hilabeteak galdu gabe».

Fotos

Vídeos