Eskola Agenda 2017-18ko irudiak hamabi ikaslek landu dituzte euren denbora librean

M.G. OÑATI.

Oñatiko ikasleek bosgarren urtez jaso dute eskola agenda bateratua ikasturte hasieran. Herriko ikastetxeek eta Udaleko Hezkuntza atalak elkarlanean antolatutako sormen-proiektu baten baitan hamabi gaztek (Izar Diaz, Maider Markuleta, Ekhi Ugarte, Miren Santos, Nora Ramos, Nagore Gallego, Malen Gesalaga, Javi Corrales, Axier Anduaga, Maddi Arlanzon, Leire Arregi eta Unai Izura) Ane Agirre eta Itziar Bastarrikaren laguntzarekin 2017ko otsailetik maiatzera bitartean honako lanketa egin dute euren denbora librean.

Beraientzat erreferenteak diren Oñatiko hamar pertsona edo kolektibo aukeratu dituzte, honakoak: Andres Arlanzon, Marina Etxegoien, Jesus Irizar 'Txutxin', Gaztelekuko langileak, Galartza ahizpak, barkilerua, Jerardo Elor-tza, Igerilekuko langileak, Oñatiko emakume nekazariak eta Mirari Sagarzazu. Hauen inguruko informazioa eta material grafikoa bilatu dute. Hortik aurrera, pertsona baten argazkia, paisaia bat, objektu bat eta irudi geometriko bat batzen dituen irudia sortzea izan da helburua; osagai hauetako bat argazki zaharra eta beste bat deskontestualizatua izan behar zirelarik. Collage teknika erabili dute azken irudia sortzeko.

Sortutako 10 irudi hauen bitartez, gure herriarentzat bereziak, garrantzitsuak diren hainbat pertsona edo kolektibori aipamen xume bat egin nahi izan diete; izan iraganekoak edo gaur egungoak, izan gazteak edo zaharrak, izan emakumeak edo gizonak. Hauetako asko denok ezagutzen ditugun arren, oharkabean pasatzen zaigu egunez egun egiten duten lana. Beste batzuk ezagutu ere ez ditugu egingo, anonimotasunean dihardutenak baitira. 1.200 ale banatu dira ikastxeen bitartez.

Fotos

Vídeos