Eltzia 'Ahotsenea plaza' bilakatuko da musikaren orainaz eta geroaz hausnartzeko

M.G. OÑATI.

Autogestioak, digitalizazioak eta belaunaldi aldaketak, besteak beste, eszenatoki berri batean kokatu du euskal musika. Eszena berri horretan sor- tzen diren galdera, zalantza eta kezka ezberdinei erantzunak bilatu eta emateko 'Ahotsenean elkartuko gara' egun osoko jardunaldia egingo da gaur Eltzian 'Beratu' jaialdi berriaren baitan. Lau zutabe nagusi izango ditu ekimen honek: profesionalen eta musikarien arteko topaketak, hitzaldiak, musika azoka eta zuzeneko emanaldiak.

Iazko Durangoko Azokan 10 urte bete zituen Ahotseneak. Sortzaileei beraien lanak erakusteko plaza eskaini nahi zien ekimena Azokaren ondoan, ez horren barruan, sortu zen. Hamarkada baten buruan, sortzaileek beraiek sustatutako espazio hori gabe nekez ulertuko litzateke Azoka.

Durangoko Ahotsenea egonkortuta zegoela iruditu zitzaienean, «urte osoan zehar gure musikarientzako plaza duinak lor-tzen zelan lagun genezakeen hausnartzen» hasi ziren susta-tzaileak. Gaiaren inguruan mahairatu dituzten galdera ugarien inguruko solasa eta parte-hartzea bideratzeko, kimu moduko bat atera zaio Oñatin Ahotseneari.

Hitzaldiak eta azoka

Euskal Herriko musika eszenako sektore ezberdinetako hainbat profesionalen eta musikarien arteko harremana bideratuko du, besteak beste, topaketak. Eztabaida mahaiak antolatuko dira denen artean «euskal musikak bizi duen paradigma berria ulertu eta honi erantzunak ematen» saiatzeko.

Horrez gain, 20 minutuko hi-tzaldi bana emango dute Lapurdiko Saran 'Uso Pop' jaialdia antolatzen dutenek, Musika Industrien Elkarteak eta Europako musika-jaialdiei buruzko tesia egin duen June Calvo Soraluze, Deustuko Unibertsitateko doktoreak. Gogoetari eta esperientziak eta iritziak partekatzeari emandako zatiak goiz partea hartuko du.

16:00etan Eltzian zabalduko den azokan, berriz, topaketan parte hartu duten musikari eta musika taldeek euren diskoak saltzeko aukera izango dute. Eraikin berean 'Ahotsenea plaza' gunea irekiko da 16:30ean. Bertan La Basu, Hiri Galduak, Morau eta Inun taldeek bere proposamenak aurkeztuko dituzte. Ordu erdi iraungo duten emanaldiak izango dira, eta publiko zabalak gerturatzeko aukera izango du.

Bestalde, gauean Delorean eta Lumi taldeen kontzertua egongo da Gaztelekuan 22:30ean.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos