Elkarteei zuzendutako formakuntza zikloa jarriko du martxan Udaleko Partaidetza sailak

Proiektuak garatu eta plazaratzeko eta sarean lan egiteko tresnak landuko dira

M.G. OÑATI.

Udaleko Partaidetza departamentuak irabazi asmorik gabeko elkarte eta kolektiboei zuzendutako formakuntza zikloa osatuko du bigarren urtez. Iazko harrera ona ikusita bi ikastaro berri egingo dira urrian eta azaroan. Nerea Zubia zinegotziaren hitzetan «helburu nagusia elkartegintzari informazioa, baliabideak eta trebakuntza eskain-tzea da, euren jardunean aukera berriak ireki asmoz».

'Proiektuak garatzeko eta plazaratzeko gaitasunak lantzen' ikastaroak 8 orduko iraupena izango du eta bi egunetan emango da, urriaren 27 eta 28an. Proiektuak idatziz edo ahoz aurkezteko, eta elkarteek egiten dituzten ekintzak plazara-tzeko metodo eta teknika ezberdinak aurkeztu eta landuko dira. 'Herramientas de productividad y trabajo en red' izeneko ikastaroan berriz, sarean lan egiteko baliabideak erakutsiko dira. 9 orduko ikastaro hau hiru saiotan banatuko da: azaroaren 21, 23 eta 28an. Eraginkortasuna, sarean lan egitea eta herritarrekin harremana hobetzeko tresnak ezagutu eta elkarte bakoitzaren beharretara egokitzen ikasiko da.

Plaza mugatuak

Udaleko Partaidetza departamentuak antolatu dituen ikastaro hauetan teoria eta praktika landuko da, baina nagusiki elkarteen eguneroko kezkak eta zalantzak argitzera bideratuko dira.

Plazak mugatuak dira eta izen-ematearen hurrenkera errespetatuko da taldeak osatzeko. Izena emateko eskaera orria bete behar da. Orria udaletxeko harreran eskuratuko daiteke eta bete ondoren bertan utzi daiteke. Bestela, Udaleko partaidetza departamentura posta elektronikoz bidali daiteke, honako helbidera: partaidetza@onati.eus

Elkarteak herritarren partaidetzarako eta gizarte kohesiorako sujetu garrantzitsuak direla esan du Nerea Zubia partaidetzako batzordeburuak eta halako ekimenekin elkartegintza bera balorean jarri nahi dutela gaineratu du ezagutza kolektiboa sortu eta elkarteen arteko elkar ezagutza sustatzearekin batera.

Fotos

Vídeos