Afari tertulia, antzerkia, jolasak eta musika Euskararen Eguna jai giroan ospatzeko

Udalak eta herriko ikastetxeak elkarlanean aritu dira egitaraua prestatzen

M.G. OÑATI.

Azken urteetako ohiturari jarraituz Udalaren Euskara-Hezkuntza sailak, Oñatiko ikastetxeek eta bertako Guraso Elkarteek elkarlanean egitarau oparoa adostu dute Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Berez eguna abenduaren 3an den arren, ospakizun nagusiak bihar izango dira ikastetxeetako neska-mutilek parte hartze zuzena izan dezaten , baina lehenengo hitzordua, gaur beteko da. 20:00etatik aurrera afari tertulia izango da Makalena elkartean Beñi Agirre Nabarraldeko kidearekin. Afalostean 'Euskararen iraupenaren misterioa' gaiaz tertulia osatuko da.

Bihar, berriz, egun osoko egitaraua prestatu da eta bertan 900 ikasletik gora hartuko dute parte. Eguerdian eta batxilergoko ikasleei zuzenduta, antzerki-solasaldia egingo da. Santa Ana aretoan 'Hozkailua' antzezlana eskainiko da eta ondoren, Patricia Urrutia eta Ander Lipus aktoreekin solasaldi irekia izango da.

Jai jolasaldia

Arratsaldean, berriz, 14:45ean, 'Euskaraz bizi!' jai-jolasaldia hasiko da Lehen Hezkuntzako ikasleentzat; txikienek munduko jolasak izango dituzte kiroldegian, 3. eta 4. mailakoek ginkana kooperatiboa herriguneko kaleetan zehar eta 5. eta 6. mailakoek jaia Gauargi taldearekin plazan. 16:30ean, Txantxariak kaleko musikarien eskutik familia osoaren-tzat jolas saio musikatua izango da azoka plazan.

Eta eguneko egitaraua osatuz, 18:00etan euskal kantu saioa izango da. Euskal kantuak familia giroan abestuko dira eta partaideei txokolatea banatuko zaie, ikastetxeetako guraso elkarteek prestatuta. Era berean, ikasleek, euskararen aldeko mezua duten bizkotxo zatiak salduko dituzte eta lortutako dirua ikasbidaiarako izango da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos