Mailari eusteko promozioa Ostadarren aurka jokatuko du futbol taldeak

Jubenilei igoera faseko jardunaldi bat geratzen zaie. /  AKE
Jubenilei igoera faseko jardunaldi bat geratzen zaie. / AKE

Azpeitin 2-1 galduta, behar zuen puntuak ihes egin zion eta 16. bukatu du bere multzoan

JOSEBA LEZETA ANTZUOLA.

Zuzenean jaistea saihestu zuen Preferenteko futbol taldeak aurreko jardunaldian, baina mailari eusteko promozioa jokatu beharko du zapatuan Ikasberriren aurka Azpeitin 2-1 galdu ondoren. Lotuta aritu ziren Igor Larreak zuzendutako jokalariak. Gol aukera gutxi sortu zituzten.

Hasi eta berehala, hamargarren minuturako, 2-0 aurrea hartu zuten azpeitiarrek markagailuan. Ander Aranak atsedenaldira heldu baino lehen sartutako golak murriztu zuen aldea, baina bigarren zatian ez zuen inork aterik zulatu. Minutuak aurrera joan ahala, urduritasuna nabariagoa egin zen antzuolarren artean. Berdinketa nahikoa zen bien-tzat, baina ez zen heldu.

Bergara B zuzenean jaitsi da eta Antzuolak Ostadarren aurka jokatuko du promozioa bi partidatara. Joanekoa asteburu honetan da Lasarte-Orian eta itzulerakoa hurrengoan Eztalan. Zozketak erabakiko du lehenengoa Eztalan ala Lasarten izango den.

AKEko jubenilek 2-0 gainditu zuten Landetxea Salim Bounzoul eta Merlyn Garcíaren golei esker eta igoera fasea amaitzeko jardunaldi bakarra geratzen zaie.

Kadeteentzat maiatzeko lehen asteburuan bukatu zen denboraldia eta infantilentzat, berriz, zapatuan Eztalan. Gipuzkoa Kopako kanporaketetara sailkatu ziren multzoko aurreneko postuan sailkatuta eta Mutrikuko Murumendi egokitu zi-tzaien zozketan. Bana egin zuten, luzapenik ez zen eta penalti jaurtiketa gehiago asmatu zituzten mutrikuarrek antzuolarrek baino.

Irumendi eta Irala-torre, gaur

San Isidro jaiaren inguruan antolatutako ekitaldien artean Irumendi elkartea eta Irala-torre baserria ikusteko aukera izango da gaur. Irumendiko ateak 17.00etatik 18.30era zabalduko dituzte eta Irala-torrekoak, 18.30etik 20.00etara. Izena aurrez ematea gomendatu dute, 943762547 edo 659781415 telefonoetan.

Bihar, eguaztena, 'Basurdearen kudeaketarako baliabideak' izenburuko hitzaldia emango du Floren A. Markinak gaztelaniaz Torresoroan. Arratsaldeko zazpietan hasiko da.

Etzi, eguena, arratsaldeko sei eta erdietan, 'Antzuola 2030: agroekologia helburu?' hitzaldia emango dute Pikunieta eta Irala-torre baserrietakoek eta EHKolektiboak. Saio hauek zapatuko feriaren atarikoak dira, baserri giroari lotutakoak guztiak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos