Leire eta Nagore Galeano ahizpa pilotariak, Gipuzkoako txapeldun berriak Ataunen

Leire eta Nagore Galeano ahizpak, Ataunen irabazitako sariekin. /
Leire eta Nagore Galeano ahizpak, Ataunen irabazitako sariekin.

Txikienak alebinen finala irabazi du Ane Fidalgo plaentziarrarekin eta nagusiak, kadeteena Naroa Agirrerekin

JOSEBA LEZETA ANTZUOLA.

Antzuolar neska pilotariek Gipuzkoako eskola arteko txapelketako bi titulu ekarri zituzten Ataundik zapatu arratsaldean. Hamar urteko Leire Galeanok alebin mailako finala irabazi zuen Ane Fidalgo plaentziarra lagun zuela. Hamabi urteko Nagore Galeano ahizpak, berriz, kadeteena Naroa Agirre zestoarraren ondoan. Garaikur bana eta poz galanta eroan zuten etxera.

Jaialdiko lehen neurketan, Leire Galeano eta Ane Fidalgo 16-5 nagusitu zitzaizkien Amezketako Garazi Alkain eta Janire Goñiri. Emai-tzak berak argi erakusten du kantxa gainean gertatutakoa.

Alde handiagoarekin, 16-3, bukatu zen Nagore Galeano eta Naroa Agirrek Uxue Oses oñatiarrari eta Nora Mendizabal andoaindarrari irabazitako finala. Lehiaketa osoan joko ona erakutsi dute antzuolarrak zein bere lagunak. Finalean ere beste horrenbeste gertatu zen.

Leire eta Nagore Galeano ahizpak Emakume Master Cup lehiaketan aritu ziren domekan Larrabetzun, eurak baino pilotari nagusiagoen kontra. 18-3 eta 18-12 galdu zituzten bi neurketak, kanporatuta geratuz.

Futbola

Antzuola Kirol Elkarteko futbol talde nagusiak hirugarren garaipena ilaran sinatu du Aretxabaletako UDAri 2-0 irabaziz. Ander Aranak lehen zatian sartutako bi golek etxean laga zituzten hiru puntuak eta sailkapenean gora egin dute Igor Larrearen mutilek: 13. postura. Hiru talde dituzte atzetik.

AKEko beste bi ordezkarik galdu egin zuten Eztalan. Igoera fasean diharduten jubenilek 3-5 makurtu ziren Hondarribiaren aurrean, golegile hauekin: Merlyn García (2) eta Markel Unamuno. Gipuzkoa Kopan, kadeteak 3-6 Arrasate baino gutxiago izan ziren. Golegile, Xabier Larrea (2) eta Aimar Agirrebarrena.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos