Larrea eta Fernandez anaiak eta Manu Castro, Bilboko jaitsieran

Jon Fernandezek eta Unai Larreak emaitza politak eskuratu zituzten iaz./
Jon Fernandezek eta Unai Larreak emaitza politak eskuratu zituzten iaz.

Espainiako Open lehiaketarako puntuagarria da Rekalde auzoan gaur jokatuko den jaitsiera saioa

JOSEBA LEZETA ANTZUOLA.

Bost antzuolar ariko dira Bilbao Downhill International Cup gaur goizean Bilboko Rekalde auzoan: Mikel eta Jon Fernandez anaiak, Unai eta Jon Larrea anaiak, baita, eta Manu Castro, aurreko bien osaba. Adin maila desberdinetakoak dira.

Entrenamendu saioak atzo izan zituzten eta orain benetakoak geratzen zaizkie. Goizeko zortzi eta erdietan hasiko da azken prestaketa, zirkuitua ezagutzeko hondar aukera. Hamarretan sailkapen saioa dute eta eguerdiko hamabietan, azkena, sailkapena erabakiko duena. Hura bukatutakoan banatuko dituzte sariak.

Ibilbidea ikusgarria du jaitsierak. Arraiz mendian hasi, Legina baserriko lursailetatik igaro eta Rekalde plazan bukatuko da 1.720 metro bete ondoren. Gailurretik beheraino 320 metroko malda dute. Hogeita bost hesi jarri dizkiete parte-hartzaileei.

Espainiako Openerako puntuagarria da Bilboko saioa. Ondoren Euskadikoari helduko diote jaitsieretako txirrindulariek. Iaz estreinatu zen Antzuolako ekitaldiari eutsi egingo diote aurten ere. Uztailaren 7an jokatuko da. Beste hiru saioa ere baditu lehiaketa honek bere egutegian: Igantzin maiatzaren 12an, La Reinetan-Trapagaranen ekainaren 16an eta Ortuellan, azkena, irailaren 8an, denboraldi amaieran.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos