Kanposantuko zubia bere lekura itzuli dute bi garabik

Kanposantuko zubian lanean dihardute egunotan oinezkoentzat erabiltzeko moduan lagatzeko. / MIGURA

Beñar Kortabarriak dio «astebete inguru itxita egongo da oinezkoentzat eskilara berriak egin eta baranda konpontzeko»

JOSEBA LEZETA ANTZUOLA.

Martxoan ibilgailu handi batek jota mugitu zen kanposantuko zubia bere lekura eroan zuten bi garabik martitzen gauean. Udalaren enkarguz, Mariezkurrena enpresak egin du lana. Iluntzeko bederatzietatik aurrera, bizpahiru orduz itxi zuten errepidea, ibilgailuak eta autobusak herrigunetik desbideratzu, Sagastitik hain zuzen.

Beñar Kortabarriak dioenez, «zubia lehengo tokira itzultzeko eskailerak apurtu behar izan dituzte. Bi lan geratzen dira orain: eskailera berria egin eta barandak konpondu ala aldatu. Gutxigorabehera astebete iraungo dute zeregin horiek. Oinezkoentzat ez da erabiltzeko moduan geratu eta itxita dago zubia». Bitartean, beraz, beste bide batetik joan beharko da hilerrira. Errepideko nagusiko trafikoan, ordea, ez da beste etenik izango zubiagatik.

Bitartean, Udalak jarritako salaketa aurrera doa epaitegian. Zubiaren jabea denez, bere gain hartu ditu konponketa lanak, baina berez kaltea eragindako lagunari edo bere aseguru etxeari dagokio Mariezkurrenak burutuko dituen lanen ordainketa. Ertzaintzak aurkitu zuen ibilgailua.

«Kanposantuko zubia ezin genuen laga orain arte bezala», argitu du alkateak. «Gehiago mugitzeko arriskua saihesteko zerbait egin beharra genuen eta pauso hori eman dugu».

Fotos

Vídeos