Jubenilen futbol taldeak lider segitzen Arrasaten 0-2 irabazi ondoren

Jubenilen futbol taldeak hasiera bikaina eman dio denboraldiari. /  AKE
Jubenilen futbol taldeak hasiera bikaina eman dio denboraldiari. / AKE

Nagusiek 2-1 galdu eta hiru txartel gorri ikusi zituzten Azpeitiko neurketan

JOSEBA LEZETA ANTZUOLA.

Antzuola Kirol Elkarteko futbol talde jubenilak garaipen berria, bosgarrena sei jardunalditan, eskuratu zuen Mondragonen aurka zapatuan Arrasaten. Asier López eta Markel Unanumunoren golei esker 0-2 nagusitu ziren, Bergara bigarren sailkatuari ateratzen dioten hiru puntuko aldeari bere horretan eutsiz. Gainera, multzoko talderik golegileena, 20, eta gutxien hartu dituena, 5, da lehen itzulia bukatu ondoren.

Martxa onean dira eta datorren asteburuan, bigarren itzuliko lehen jardunaldian, atsedena izango dute egutegiak hala aginduta. Indarberritzeko tartea.

AKEko talde nagusia, ordea, esku hutsik itzuli zen Azpeititik, Lagun Onaken kontra 2-1 galdu ondoren. Hiru txartel gorri ere ikusi zituzten: bat Pablo Olalde delegatuak, bigarrena Iker Altube ordezko atezainak eta azkena, partida ia bukatzear zela, Gorka Fernandezek epaileak bi hori atera ondoren. Bigarren zatian Oxel Apraizek gola sartu zuenerako 2-0 atzetik ziren markagailuan Igor Larrearen mutilak.

Emaitza honekin hamahirugarren postura jaitsi da Antzuola sailkapenean. Hurrengo asteburuan Eibar Urko hartuko du Eztalan.

Etxeko neurketetan, kadeteek bina, 2-2, egin zuten Anaitasunarekin (Martin Leteren gola eta azkoitiarrek euren atean sartutakoa) eta infantilak, berriz, 5-3 nagusitu ziren Arrasateren aurka. Hona golegileak: Ibai Aguero (2), Ibai Rodrigues eta Julen Berdeci.

Fotos

Vídeos