Herriko plazako ikurriña eta haren haga bere lekutik kendu dituzte hiru lagunek

Herriko plaza, atzo eguerdian, ikurriña barik.

Domeka iluntzean egin zituzten kalteak eta udaletxeko arkupean agertu ziren atzo goizean; arratsaldean bere lekuan jarri zituzten

JOSEBA LEZETA ANTZUOLA.

Herriko plaza ikurriña barik eta haren haga falta dela esnatu zen atzo goizean. Biak falta ziren bere lekutik. Norbaitek eskuko telefonoarekin hartutako irudietan ikus daitekeenez, hiru lagunek egin zuten.

Oinarritik haga atera eta sorbalda gainean hartuta ibili ziren haruntz eta honuntz. Kalebarren aldera doazela ikusten da bideoaren amaieran. Une batean errekara bota behar dutela ematen du, baina azken orduan damutu egiten direla dirudi. Kantuan dihardute. Ganberro talde baten trakeskeria da.

Atzo goizean udaletxeko arkupean agertu ziren haga eta ikurriña, biak. Ez dakitena da zeinek eroan zituen hara, ekintzaren protagonistak ala beste herritarren batzuk. Arratsaldean, berriro ere, bere lekuan jarri zituzten.

Zenbait iturrik dioenez, «hiru lagunok Tolosan eguerdian izandako aizkoljokotik etorritakoak ziren. Ez dira antzuolarrak. Tabernaz taberna ibili ziren eta une batean hagari heldu zioten. Gauean gertatu zen, ez goizaldean».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos