Gabilondo-Unamuno eta Martin-Pagaldai mus txapelketako finalerako sailkatu dira

Bigarren kanporaketako mus bikoteak, Gailur tabernan./
Bigarren kanporaketako mus bikoteak, Gailur tabernan.

Bigarren kanporaketan bederatzi bikotek parte hartu zutenez, bik egin dute aurrera

JOSEBA LEZETA ANTZUOLA.

Mikel Gabilondo-Asier Unamuno eta David Martin-Jon Pagaldai bikoteek herriko mus txapelketako finalerako txartelak eskuratu dituzte Gailur tabernan jokatutako kanporaketan. Lehiaketako bigarrena da, bi aste lehenago Moxen izandakoaren ondoren.

Bederatzi bikotek parte hartu zutenez, bik egin dute aurrera. Hala agintzen du araudiak. Izena emandakoak lautik zortzira baldin badira, bakarra sailkatzen da; kopurua bederatzitik hamabira bitartekoa bada, bi; hamahirutik hamaseira badira, hiru...

Mikel Gabilondo eta Asier Unamuno kanporaketak gaindituz joan ziren, David Martin eta Jon Pagaldai bezala. Azkenean biak geratu ziren mahaian, txartel bana ziurtatuz.

Hurrengo bi kanporaketak asteburu honetan jokatuko dira. Zapatu arratsaldeko lauretan Ongi Etorri jatetxean da hirugarrena. Domekakoa Eperra elkarten jarri dute azkena, arratsaldean baita, baina lau eta erdietan. Bikote parte-hartzaile bakoitzak hogei euro ordaindu behar ditu.

Finala Arin jatetxean egingo da urtarrilaren 28an, arratsaldeko lau eta erdietan hasita.

Odol emaileak

Odola emateko aukera izango da gaur arratsaldeko bost eta erdietan Olaran etxean. Donostiako Odol Bankuak Antzuolara urtean egiten dituen hiru bisitetako aurrenekoa da. Lau hilabetero etortzen dira.

Gainera, azken egunotan zabaldu da odol premia duela Euskadik 2018 hasiera honetan. Zenbait iturriren arabera, eguraldi txarrak, katarroek eta gripeak sortu dute beharra. Ziurtasun stocka %50tik behera dagoela azaldu dute. Larrialdietarako ez da arazorik, baina operazio egunak atzeratzeko arriskua ikusten dute arduradunek.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos