Jon Fernandez, hamar onenen artean Andorrako jaitsiera azkarrean

Jon Fernandezen jauzi ikusgarria Andorrako jaitsieran. / OLATZ ALZELAI
Jon Fernandezen jauzi ikusgarria Andorrako jaitsieran. / OLATZ ALZELAI

Kadeteen artean zortzigarren sailkatu zen lehen saioan eta gurpila zulatu zitzaion bigarrenean

JOSEBA LEZETA ANTZUOLA.

Bizikleta jaitsieratan diharduen Jon Fernandez biker an-tzuolarrak Andorrako La Massanan egindako saioan parte hartu du, denborialdiari bukaera emanez. Kataluniako Koparako puntuagarria zen eta Munduko Kopan erabiltzen den zirkuitu ederrean jokatu zen.

Harritzekoa parte-hartzaile kopurua: 231, horietako 39 Fernandezen adinekoak, hau da, kadeteak. Hamar onenen artean bukatu zuen antzuolarrak, bigarren eta azken jaitsieran errubera zulatu arren. Aurrenekoan zortzigarren egin zuen eta hurrengoan denbora ona zekarren bide erdian, baina gurpilean izandako matxuragatik abiadura moteldu behar izan zuen. Saiotik saiorako aldeak erakusten du hori: 5 minutu eta 47 segundo lehenengoan; 6 eta 12 bigarrenean, 25 gehiago.

Hautsa, lur lehorra, zuhaitz sustraiak, jauzi handiak eta aldapa pikoak... Oztopo ugariri egin zion aurre Jon Fernandezek, bere trebezia erakutsiz. Proba horietan ibiltzen diren zenbaiten ustez, Munduko Kopako jaitsiera zailenetarikoa da La Massanakoa.

Matt Walker britainiarrak, junior mailako munduko txapeldunak, irabazi zuen proba 4 minutu eta 41 segundoko markarekin. Bi segundo eta 88 ehunekoren aldea atera zion Alex Marín elite kataluniarrari (4:43). Taldekide dira biak Madison Saracen Factory Teamen. Youn Deniaudek osatu zuen podiuma hirugarren amaituz (4:45). Ikuskizun aparta eskaini zuten txirrindulari azkarrenek. Baita haien atzetik geratu zirenek ere.

Fotos

Vídeos