Eztalan bi futbol neurketa jokatuko dira gaur eta beste bat, bihar

Jubenilen futbol taldeak igoera faseako norgehiagoka jokatuko du bihar etxean. / AKE
Jubenilen futbol taldeak igoera faseako norgehiagoka jokatuko du bihar etxean. / AKE

Joan den domekan elurragatik bertan behera lagatako partida otsailaren 10era atzeratu dute

JOSEBA LEZETA ANTZUOLA.

Antzuola Kirol Elkarteko futbol sailak badu lana asteburu honetan Eztalan. Gaur bi neurketa jokatuko dira eta beste bat bihar. Talde bakarra, kadeteena, doa kanpora.

Nagusiek Tolosaren bisita hartuko dute gaur arratsaldeko lauretan. Ohorezko mailakoaren filiala da eta hirugarren postuan dago sailkapenean. Igotzeko hautagaia denez, lan nekezak dituzte Igor Larrearen mutilek.

Etxean bigarren partida ilaran behar zuen, baina joan den domekan Azpeitiko Ikasberriren aurka zutena bertan behera geratu zen elurragatik. Eguna jarri diote: otsailaren 10a, inauteri zapatua. Egutegiak etena izaten du asteburu horretan eta hura aprobetxatuko dute. Ea gaur eta bihar ez duen elurrik egiten.

Puntu premia dute antzuolarrek azkenaurreko postutik ihes egiteko. Bigarren itzuliko aurreneko jardunaldia ere bada asteburu honetakoa.

Infantilak goizez, hamaiketan hasita, ariko dira Eztalan Aretxabaletako UDAren aurka. Bosgarrenaren eta hirugarrenaren arteko lehia da. Hiru puntu aurretik da UDA.

Jubenilek joan den astean ekin zioten igoera faseari, Azpeitin Lagun Onaken aurka galduz. Puntuak pilatzen hasteko aukera dute bihar goizeko hamaiketan. Intxurre liderra etorriko da Eztalara. Estreinakoan, 7-1 irabazi zion Lasarteko Ostadarri.

Kadeteek Kopako hitzordua dute Eibartarrakekin gaur goizeko hamaiketan Unben.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos