Ehun txirrindulari inguru bilduko ditu irteeran zapatuko bizikleta jaitsierak

JOSEBA LEZETA ANTZUOLA.

Antzuolako bizikleta jaitsieraren lehen edizioa jokatuko da zapatuan goiz eta arratsaldez. 80-100 parte-hartzaile etortzea aurreikusi dute antolatzaileek. Pagamenditik irten eta trenbideraino helduko dira. «Kilometro bat eta 900 metro dira guztira», diote ekitaldiko arduradunek.

Goizez, bederatzi eta erdietatik hamabi eta erdietara bitartean, entrenamenduak izango dira. Arratsaldez bi saio ofizial dituzte, hiruretan lehena eta bostetan finala. Euskadiko Openerako puntuagarria da lehiaketa.

Parte hartzeko 20 euro ordaindu behar ditu txirrindulari bakoitzak. Oerlikon enpresaren aparkalekuan hartuko dituzte izenak. Ibilgailuen-tzako aparkalekua ere bertan jarri dute.

Jaitsiera bukatu eta sailkapenak osatu ostean, Herriko plazan egingo da sari banaketa. Menditik kalera eramango dute horrela ekitaldia.

Hurrengo egunean, domekan, beste txirrindulari proba bat jokatuko da Antzuolan, errepidekoa hain zuzen, Iñaki Leteren oroimenezkoa. Goizeko bederatzi eta erdietan hasi eta eguerdiko hamabi eta erdiak aldera amaituko da.

Alardea prestatuz

Mairuaren Alardea prestatzeko aurreneko entseiuak burutuko dira gaur arratsaldean, taldeka lehenik eta batera ondoren. Hona gaurko egitaraua: bostetan, haurren abesbatza udaletxean; sei eta erdietan. mairuaren musikariak Torresoroan, danbor-jotzaileak udaletxean eta buruzagia, mairu erregea, mairuaren guardia, estandarteduna, banderaduna, gastadoreak eta ofiziala Olaranen; zazpi eta erdietan, azkenik, entseiu nagusia guztiak batera direla Herriko plazan.

Gaur zortzi zazpietan egingo da bigarren entseiu nagusia.

Fotos

Vídeos