EAJ-PNV udal taldeak udaletxean azaldu diren pintaketak gaitzetsi ditu

J. RAMOS ARETXABALETA.

Aberri Egun goizean Aretxabaletako udaletxeko hormak «Independentzia» eta «Espainola ez» zioten pintaketekin azaldu ziren eta «herriko beste hainbat eraikinetan ere antzeko pintaketak egin dira», gaitzetsi du Aretxabaletako EAJ-PNV udal taldeak.

«Bakoitzak gure egiten ditugun aldarrikapenak egiteko hainbat aukera dauzkagu Aberri Egunean, talde politiko desberdinek antolatzen dituzten ekitaldietan, eta urtean zehar, gaur egun hain eskura dauzkagun aldizkari eta sare sozialak erabiliz. Aukera hauek nahikoa ez eta zenbaitek herria pintaketez betetzea nahiago izan dute», salatu dute ohar batean. Jeltzaleek gogorarazi dute aretxabaletar guztiak ordezkatzen dituen udalak ere badauzkala «aldarrikapen horiek era eraikitzailean planteatzeko bideak, bai bertan ordezkatuak gauden talde politiko desberdinen bitartez eta bai zuzenean herritar orok daukan eskubideak baliatuz. Gauez, anonimatuan eta ezkutuan paretak zikintzen ibili baino, ez al da hobe egunez eta aurrez aurre, izen eta abizenez, bakoitzak zilegi deritzon aldarrikapenak egitea?», galdegon du. Iaz 12.000 euro gastatu ziren pintaketak garbitzen.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos