Bost emakume baserritar antzuolarren testigantza bihar arratsaldean Olaranen

Maider Arregi bertsolari oñatiarra. /
Maider Arregi bertsolari oñatiarra.

Kontxi Izagirrek, Pilar Belastegik, Matilde Ortuetak, Maje Gorritxok eta Josebe Blancok hartuko dute parte

J.A.M. ANTZUOLA.

Urriaren 15ean ospatu zen Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunaren baitan, Deba Garaia Landa Garapen Elkarteak eta Antzuolako Udalak 'Baserria afizio-ofizio' solasaldia antolatu du bihar arratsaldeko 18:00etan Olaranen. Emakumeek baserrian eta lehen sektorean duten zeregina eta egoera azalduko dira. Antzuolako emakume baserritarren ahotsak entzungo dira, besteak beste, Bidaurreko Kontxi Izagirre, Ibarreko Pilar Belastegi, Egurrebaiko Matilde Ortueta, Lapatzako Maje Gorritxo eta Pikunietako Josebe Blancorenak.

Hasteko, baserritar horien bizipenak jasotzeko aukera izango da: zergatik egin ziren baserritar, euren oroitzapenak, pasarteak... Ondoren, antzuolar gazteak lehen sektorera batzeko zein baldintza behar liratekeen eztabaidatuko da eta baserriaren jarraikortasuna jarriko da mahai gainean.

Bertsolariak eta mokadutxoa

Bukatzeko, Emakume Nekazarien Estatutuari helduko dio Maite Aristegi Landa Garapen Elkarteko buruak. Antolatzaileen ustez, 2015ean legea onartu zenetik ezer gutxi aurreratu da baserriko parekidetasunean. Beraz, baserriaren titulartasuna, ordezkaritza, zaintza-lanak eta abar aztertuko dituzte hizlariek. Azken finean, emakumeen eskubide profesional, sozial eta fiskalak landuko dituzte.

Bestalde, solasaldiari bizitasuna ematen laguntzeko bi bertsolari ariko dira: Onintza Enbeita baserritar muxikarra eta Maider Arregi oñatiarra. Topaketarekin amaitzeko, herriko produktuekin egindako mokadutxoa eskainiko da Aitz Garbi tabernaren eskutik.

Fotos

Vídeos