Bertako baserrietako jakiekin eta trikitixak lagunduta, pintxo-poteoa eguenean

JOSEBA LEZETA ANTZUOLA.

Baserritarren eta kontsumitzaileen arteko harremana eta zubiak eraiki zein sendotzeko asmoz, antzuolar jakiekin osatutako pintxo-poteoa egingo da eguen arratsaldeko zazpietatik aurrera. Taberna eta okindegiek ere bat egingo dute Deba Garaiko Landa Garapen elkarteak bultzatutako ekimenarekin.

Lapatza eta Irala-torreko barazkiak, Pikunietako gazta, Bidaurreko frutak, Irumendiko txahal-haragia... mostradore gainetan egongo dira etzi honako hamar lekuotan: Mox, Larrea, Gorosti, Aitz-Garbi, Arin, Martin, Surpe, Ongi-Etorri, Gailur eta Koxkor.

«Garaian garaiko produktuak eta gertukoak eskaintzen dituzten onurak herritarrei ezagutzera ematea da helburua», diote antolatzaileek. «Tabernariei esker Antzuolako gastronomia eta jakien bikaintasuna probatzeko aukera paregabea da. Batez ere herriko dendak lagunduz eta salmenta zuzena bultzatuz, Antzuolan ekonomia zirkularraren alde egina dugun apustuan aurrerapausoak eman nahi ditugu».

Trikitilariek alaituko dute kaleko giroa eguen arratsaldeko pintxo-poteoak dirauen artean.

Duela hilabete batzuk egin zen lehen aldiz era honetako ekitaldi bat. Jarraipena eman nahi diote. Ekoizleak eta kontsumitzaileak gerturatzea da asmoa, euren arteko distantzia ahalik eta gehien laburtzea.

Larrain dantza

Jaietako domeka arratsaldean larrain dantza egiteko aukera eskainiko da beste behin. Egitarauan sartu dute. Ordurako gertu egotea komeni da eta aurretik bi entseiu antolatu dituzte Oinarin taldeko kideek eskolako patioan. Gaur arratsaldeko zortzietan da lehena. Bigarrena, berriz, hurrengo martitzenean, hilaren 11n, ordu eta leku berean. Parte hartu nahi duten guztientzat da gonbita.

Fotos

Vídeos