XXVII. Bergara Hiria jokatuko da bihar Aloñaren aurka

DV BERGARA.

XXVII. Bergara Hiria txapelketa jokatuko dute bihar Bergara KE eta Aloña Mendi taldeek Agorrosinen 17:30ean. Sarrera 3 euro izango da guztientzat. Partidu honetaz gain, zapatuan bertan beste bi aurre denboraldiko partida izango dira Ipintzan. Goizeko 11:30ean, Preferente Mailako taldeak Mondraren aurka jokatuko du eta arratsaldeko 16:00etan, 1go Mailako jubenilak UDA hartuko du Ipintzan. Emakumezko Senior, Ohorezko jubenil eta kadete mailako taldeek etxetik kanpo jokatuko dituzte aurre-denboraldiko partiduak.

Abuztuaren 14ean ekin zioten lanari Mikel Juaristiren mutilek etadenboraldiari irailaren 9an emango diote hasiera etxean, Urolaren aurkako partiduarekin. Jokalariei dagokienez, Unai Agirre, Eloy Crespo, Andoni Arruti eta Aitor Arresek ez dute taldean jarraituko denboraldi honetan eta Christian Rodriguez Real Sociedad taldera itzuli da.

Fitxaketei dagokienez, Iker Bastida (Real Sociedad), Jon Laskurain (Soraluze) eta Andoni Najera (Simancas) Mikel Juaristiren esanetara egongo dira, futbolera itzuli den Aitor Elorriaga eta harrobiko jokalari Euken Azpeitia eta Xabi Azpiazurekin batera.

Gainontzeko taldeei dagokionez, Infantil, Alebin eta Futbol Eskolako taldeak izan ezik, martxan dira dagoeneko entrenamendu eta aurre-denboraldiko partiduekin. Irailean zehar ekingo diete lanari hauek.

Bukatzeko, Bergara K.E. osatzen duten guztien izenean, lehen taldeko atezainen entrenatzaile Jon Soto-ri mahonero guztion besarkada handiena eta animoak bidali nahi dizkiote izandako lan istripuaren ostean.

Fotos

Vídeos