Diario Vasco

60.000 euro 1.548 zenbakia duenarentzat

Baliteke horien artean egotea sari potoloaren irabazlea.
Baliteke horien artean egotea sari potoloaren irabazlea. / JOSE MARI LÓPEZ
  • Astelehen goiz honetan egin da Bergaran, notario aurrean, Kilometroak 2016ko 'Gure Zozketa'-ren zozketa, 'demaseko' egun bat biribilduz

Apurka-apurka ari da arrastoa ezabatzen igandean Bergaran egin zen Kilometroak 2016. Balorazio baikorra, garbiketa lanak, kale eta errepideen lehengoratzea eta, ohi denez, 'Gure Zozketa'-ko 60.000 euroak nork irabazi dituen argitzea. Sari potolo hori nork eramango duen, hain zuzen, notario aurreko zozketa egin dute astelehen goiz honetan Bergaran, eta 1.548 izan da zenbaki saritua. Zenbaki hori daukanak hilabeteko epea du saria jasotzeko. Hilabetea igarota inork ez badu saria eskatu, ordezkok izango du aukera; zozketa berean aukeratu da ordezko zenbakia, eta 18.890 da. Iaz Usurbilen gertatu bezala hilabeteko epean ez bada irabazlerik agertu, beraz, ordezkoak beste hilabe bat izango du saria jasotzeko.

Erronka gainditua

«Aurreikuspenak bete egin dira eta demasekoa izan da Bergarako Kilometroak jai eguna. Ederra izan da hasierako ekitaldia, sinbolismoz eta umorez betea, herri eragileek presentzia nabarmena izan dutelarik. Omenaldi ekitaldia ere ederra izan da. Alkartu Nai eta Promocion Cultural omendu ditu Aranzadi Ikastolak, duela 40 urte, 1970eko hamarkadan, Bergaran hainbat azpiegitura sortu zituzten elkarteak. Eta datorren urteko Kilometroak antolatzeko lekukoa Oñatiko Txantxiku ikastolari eman dio. Busentzako edota ibilgailuentzako jarritako aparkalekuak bete egin dira. Labagaraietakoa (100 autobus) eta Amillagakoa. Azken honen alternatiba moduan, Larramendikoa ere ia bete egin da. Ez da aparteko arazorik izan. Jendeak portaera oso ona izan du. Larregiko alkohol kontsumoarengatik intoxikazio oso gutxi izan dira. Ez da eraso sexistarik gertatu, ez da, behintzat, salaketarik izan».

Goiz hasia zen egunaren amaieran zabaldutako balorazioan, oso pozik azaldu ziren atzo Bergaran egin zen Kilometroak 2016 festaren antolatzaileak, eta aurreikuspenak ez ezik helburuak ere betetzat jo zituzten. Ezin ba kontrako arrazoirik eman, ikastolen festa jendetsuen arrakasta neurtzeko erabiltzen diren aldagai guztietan nota ona lortu baitzuen bergararrek antolatutakoak: jende asko; giro bikaina; primerako egitaraua; ibilbide polita eta, gainera, bikoitza; aparteko arazorik ez; eguraldi txukuna eta, aurrekoak kontuan hartuta pentsatzekoa denez, Aranzadi Ikastolak duela urte batzuk bere gain hartu zituen maileguak arintzeko laguntza.

Badu eskarmentua Aranzadi Ikastolak Kilometroak antolatzen, 1991ekoa eta 2007koa prestatu baitzituen. Oraingo honetan, «ikastolak demasekoak direla agerian laga nahi izan dugu», esan zuen zirkuitua ireki aurreko ekitaldian Aitziber Lopez de Aretxaga ikastolako lehendakariak. Ekitaldi soil eta laburra prestatu zuten, eta hasiera-hasieratik azpimarratu zuten hitza hartu zuten denek egunean zehar modu askotan islatuko zen elkarlanaren balioa. «Herritarrok erakutsi duzue desberdinen arteko auzolanerako ekimena», esan zuen Lopez de Aretxagak.

Bertan ziren agintariei ere luzatu zien mezua. «Ezer gutxi egingo dute herritarrek erakunde publikoak atzetik ez badaude eta ezer gutxi egingo dute instituzioek herritarren inplikaziorik gabe» esan zien, Udalarekiko harremanean gorabeheraren bat ere izan dela iradokiz.

Horrelako ekitaldiak eta horrelako jaiak, baina, ez dira izaten aproposak desadostasunak plazaratzeko edota kontu deserosoak nabarmentzeko, eta atzokoan ere hitz eta asmo onak izan ziren nagusi.

Euskal Hezkuntza legea

Giro horretan, elkarlana ez ezik ikastolak ere goretsi zituzten Markel Olano Gipuzkoako aldun nagusiak eta Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak. Beasaingo ikastolako ikasle gisa bizi izan zuen 1977ko lehen Kilometroak gogoan, Markel Olanok aitortu zuen orduz geroztik onera egin duela nabarmen euskararen egoerak. Hala ere, autokritikaren beharra azpimarratu zuen. «Bidegurutzean gaude, badugu ze hobetzeko, elkarren artean eseri, herritarrak eta erakunde publikoak eta erabaki zer egin behar dugun hobetzeko», esan zuen, bilakaera horretan izan duten eragin handiagatik «ikastolak aldarrikatu» behar direla gehituz.

Uriarte sailburuak, berriz, hezkuntza sistemak azken urteetan bizi izan dituen gorabeheretan ikastolek izan duten jarrera konstruktiboa goraipatu zuen. Ikastolek eskatzen duten Hezkuntza Legea ere izan zuen hizpide. «Badakizue ez direla urte errazak izan, inposatu nahi diguten hezkuntza lege bat medio» esan zuen. Propio egin zion uko legearen izena aipatzeari.

«Guk, lege horri aurre egiteaz gain, gure bidea jorratzea erabaki genuen. Eta helburu horretan, Eusko Jaurlaritzak hainbat bidelagun izan ditu, besteak beste ikastolak, eta benetan eskertzekoa da hori», esan zuen. Ikusteko dago nondik nora joango diren gauzak EAEn hurrengo legegintzaldian, eta zein izango diren Eusko Jaurlaritza berriaren lehentasunak hezkuntzaren alorrean. Uriarterenak argi gelditu ziren bere hitzetan: «Euskal Hezkuntza lege berri bat zor diogu euskal gizarteari. Adostasunean, elkarlanean, elkarrenganako enpatian, eta hezkuntzari zor diogun errespetuan oinarrituta».

Irekiera ekitaldian, bada, ‘elkarlana’ izan zen gehien erabili zen hitza. Hori irudikatzeko, hainbat herri eragileren artean osatu zuten Demasa irudia. Umore puntua, berriz, Mikel Laskurain aktore bergararrak jarri zuen, eta berrikuntza, berriz, zirkuitua irekitzeko moduan. Ez zen zinta mozketarik egin, ate irekiera baizik, «40. Kilometroak denez, aurrera begirako bidea hasten duen irekiera» islatu nahirik.

Izan ere, «une honetan, Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak, jaiaren nondik norakoaren gainean hausnartzen dihardu, bide berria marraztu nahian», azaldu zuten.

Nekane Artola Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakari berriak, besteak beste, gogoratu zuen ikastolek eta horien eredu pedagogikoak Euskal Herri osoari egin dioten ekarpena, eta berriki zendu diren bi eragile handi ere izan zituen gogoan, Imanol Urbieta eta Juanito Zelaia.

Ekitaldia amaitu orduko, hasiak ziren animatzen herrian zehar prestatutako zirkuitu laua zein Bergara goialdetik ikusteko aukera ematen zuen mendiko ibilbidea. Jendea ez zen bereziki goiztiarra izan, eguzkia ere ez, baina azkenean iritsi ziren ibiltariak, eta agertu zen eguzkia, eta Kilometroak 2016 aurretik izan dituenak bezain arrakastatsua izan zen, horien guztien alde on eta ajeekin. Demasekoa izango zela iragarri zuten, eta horrelakoxea izan zen.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate