Diario Vasco

Festa biribila Bergaran

fotogalería

Jendetza dabil zirkuitoan. / JOSÉ MARI LÓPEZ

  • Egunaren balorazioa egiterakoan, aurrez finkatutako helburuak bete direla azpimarratu dute Aranzadi Ikastolako antolatzaileek

«Aurreikuspenak bete egin dira eta demasekoa izan da Bergarako Kilometroak jai eguna. Ederra izan da hasierako ekitaldia, sinbolismoz eta umorez betea, herri eragileek presentzia nabarmena izan dutelarik. Omenaldi ekitaldia ere ederra izan da. Alkartu Nai eta Promocion Cultural omendu ditu Aranzadi Ikastolak, duela 40 urte, 1970eko hamarkadan Bergaran hainbat azpiegitura sortu zituzten elkarteak. Eta datorren urteko Kilometroak antolatzeko lekukoa Oñatiko Txantxiku ikastolari eman dio. Busentzako edota ibilgailuentzako jarritako aparkalekuak bete egin dira. Labagaraietakoa (100 autobus) eta Amillagakoa. Azken honen alternatiba moduan, Larramendikoa ere ia bete egin da. Ez da aparteko arazorik izan. Jendeak portaera oso ona izan du. Larregiko alkohol kontsumoarengatik intoxikazio oso gutxi izan dira. Ez da eraso sexistarik gertatu, ez da, behintzat, salaketarik izan».

Lerro horiekin egin dute Kilometroak 2016 antolatu duten Aranzadi Ikastolako arduradunek Gipuzkoako ikastolen festaren balorazioa. Helburuak bete dituzte, alegia, eta oso gustura amaitu dute eguna, bertaratuz eskerrak emanaz eta gogoratuz «haien presentzia eta laguntza oso baliagarriak direla aldez aurretik finkatutako helburu ekonomikoak betetzeko eta Aranzadi Ikastolaren eraikinaren lanen kostuari aurre egiteko mailegua ordaintzeko».

Hasi, goibel samar hasi da horren ondo amaitu den eguna eguraldiari dagokionez, baina Kilometroak 2016ko egitarau zabala gauzatu den bost guneak esnatzen joan ahala, nagiak atera eta lainoak urrundu dituzte bertaratu diren milaka euskaltzaleek. Eguzkia eta ibiltariak ez dira bereziki goiztiarrak izan, baina eguerdi aldera azaldu da aurrenekoa, eta ordurako betetzen hasia zen bazkalordurako gainezka zegoen zirkuitua.

Oiartzun garaile Erronkan

Gehienbat goiz eta eguerdi partean kontzentratu den egitarauak arnasa hartzeko astirik ere ez du eman. Ez behintzat Erronkan parte hartu duten hogei taldeei, eskakizun handiko probak, ikusteko oso dibertigarriak asko eta asko, jarri baitizkiete aurten gazteenei. «Beste behin argi geratu da Erronka oso asmakizun ona dela, gazte eta nerabeei aterabide erakargarriak eskaintzeko», azpimarratu dute. Azkenean, Oiartzungo Haurtzaro ikastolak irabazi du Erronka. Tolosako Laskorain ikastolari irabazi dio finalean, eta hirugarren Ordiziako Jakintza ikastola izan da. Beste gazte eta gaztetxo askok bere kabuz antolatu dute denbora, jarduera baimenduak eta ez horren baimenduak uztartuz...

Proposatu diren ekitaldi denak izan dira arrakastatsuak, baina aipatzekoa da Ze Esatek edota Doctor Deseo taldeek erakarri duten jendetza. Ia Kilometroak festak bezainbeste urte bete dituen talde bizkaitarrak, hain zuzen, primizia eman du Bergaran, eta lehen aldiz euskaraz eskaini du kontzertua, hasieratik amaierara. Azkenean dena ondo baino hobeto joan bada ere, izan dira lehen orduan arazotxoren batzuk herrira iristeko, batez ere Zumarraga aldean bertatik Bergara arteko bidea egiten zuten autobusen gaitasuna gainditu duen trenez joandako jendea pilatu delako, baina luze gabe konpondu dituzte arazoak autobus gehiago jarrita, eta ez da aparteko eragozpenik izan. Beste horrenbeste esan daiteke aparkamenduari dagokionez. Baten batek -bariantean aparkatu dutenek, batik bat-, izango du akaso sorpresatxoren bat autoaren bila bueltatzerakoan, baina bestela aurreikusita bezala joan dira gauzak goiz partean. Aparkalekuak, antolatzaileek azaldu dutenez, segituan bete dira, nahiz eta guztientzat egon lekua, eta espero bezala ari dira funtzionatzen zirkuitorako joan-etorriak egiten dituzten doako autobusak.

Zintaren ordez, ateak

Ekitaldi laburra prestatu dute festa abiatzeko, iraupen motzekoa eta hitz gutxikoa. Manex Alberdi dantzariaren agurra, Mikel Laskurain aktore bergararrak eta Maddi Mujika ekitaldiaren aurkezleak jarri duten umore ukitua, eta elkarlanaren gorespena ikastolako eta erakundeetako ordezkarien hitzaldietan. Ikastolakoek, hain zuzen, hasiera-hasieratik Kilometro hauen ezaugarri nagusietako bat den herritarren inplikazioa nabarmendu dute. Horren erakusgarri, ezertan hasi baino lehen goiburutzat 'Demasa' duen festaren logoa zenbait elkartetako ordekariek osatu dute letraz letra. Lokatza Ziklismo Eskola, Bergarako Erraldoi Taldea, Aspace, San Joxepe erretiratuen elkartea, Taila Eskola, Blai-blai prozesua, Beart Bergarako Artisten Elkartea eta Zeramika Elkarteak hartu dute parte puzzle modukoaren osaketan. Irudiari azken ekarpena egiteko, Aranzadi Ikastolako lehendakariak, Aitziber Lopez de Aretxagak jarri du azkeneko D beltza.

  • Festa biribila Bergaran

    Datorren urteko Kilometroak, irailean

  • Irekiera ekitaldia

Ekitaldian Aitziber Lopez de Aretxaga Aranzadi Ikastolako lehendakariak, Elena Lete Bergarako alkateak, Nekane Artola Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak hartu dute hitza. Lopez de Aretxagak «herritarrok erakutsi duzue desberdinen arteko auzolanerako ekimena» nabarmendu du, gogoratuz inplikazio horrek erakundeen laguntza ere behar duela.

Cristina Uriarte sailburuak, beste zenbait hizlarik bezala, berriki zendu den Imanol Urbieta izan du gogoan, eta Hezkuntza Legea ere izan du aipagai, haren izena aipatu ez badu ere, «tamalez, denek ezagutzen duzuelako». «Guk, lege horri aurre egiteaz gain, gure bidea jorratzea erabaki genuen. Eta helburu horretan, Eusko Jaurlaritzak hainbat bidelagun izan ditu. Benetan eskertzekoa», esan du. Eta Euskal Hezkuntza Lege berriaren premia azpimarratu du: «Euskal Hezkuntza lege berri bat zor diogu euskal gizarteari. Adostasunean, elkarlanean, elkarrenganako enpatian, eta hezkuntzari zor diogun errespetuan oinarrituta».

Markel Olano diputatu nagusiak, hasteko, Beasaingo Kilometroak gogoratu ditu. Izan ere bera beasaindarra izanik ondo gogoratzen du duela 40 urteko egun hura: «Duela 39 urte Beasainen izan zen lehenengo Kilometroak ospatu genuenean ni ikastolako ikaslea nintzen eta bi hitz genituen buruan: euskara eta ikastola». Gaurkora etorrita, euskararen egoera izan du hizpide: «Bidegurutzean gaude, badugu ze hobetzeko, elkarren artean eseri, herritarrak eta erakunde publikoak eta erabaki zer egin behar dugun hobetzeko». Gizartean ikastolek izan duten funtzioari buruz ere hitz egin du Olanok: «Garai hartan Hezkuntza Sistema isla zena, orain itsaso bihurtu da. Horregatik ikastolak aldarrikatu behar dira. Gure hizkuntza eta hezkuntza».

Aurtengoan ez da ohiko zinta mozketarik izan. Kilometroak festaren 40. edizioa da Bergarakoa eta urte hauetan guztietan, jaiaren antolaketak, ezberdinen arteko elkarlanerako bidea eman du. Une honetan, Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak, jaiaren nondik norakoaren gainean hausnartzen dihardu, bide berria marraztu nahian. Horregatik, zinta moztu beharrean, bidea ireki egin da gaurko Kilometroak jaian, ikastastolako patioko ateak zabalduz. Bergarako Udal Musika Banda aurretik zutela, han abiatu dira denak bost kilometroko ibilbidean barrena, Bergara betetzen hasiak diren milaka lagunekin bat eginez.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate