Diario Vasco

Datorren urteko Kilometroak, irailean

Jose Luis Elkoro Bergarako alkate ohia mintzatu da omenduen izenean.
Jose Luis Elkoro Bergarako alkate ohia mintzatu da omenduen izenean. / JOSÉ MARI LÓPEZ
  • 1970eko hamarkadan makina bat lan egindako Alkartu Nai eta Promoción Cultural kultur eta giza elkarteek omenaldi hunkigarria jaso dute. Oñatiko ikastolak, berriz, lekukoa

Herri barruko zirkuitua zein mendi ibilbidea -bi bide horiek dituzte hain zuzen aukeran Bergarara hurbiltzen direnek- jendez betetzen ari zirela eta lau guneetan egitaraua martxa bizian aurrera zihoala, omenaldi hunkigarria egin da ikastolan bertan, lekukoa Oñatiko ikastolari pasatzearekin batera.

Aranzadi Ikastolak 1970ko hamarkadako herri eragileak omendu nahi izan ditu -Alkartu Nai eta Promocion Cultural- ikastolan bertan egindako ekitaldian. Horretaz gain, Aranzadi ikastolakoek Txantxiku ikastolako ordezkariei pasa diete testigua. Datorren urtean San Migel jaietan Kilometroak izango dituzte txantxikuarrek.

Ekitaldia hasi da Rosa Narbaizak zuzentzen duen ikastolako haurren abesbatzak Emonek egindako Demasa abestiaren moldaketa batekin.

Ondoren, Alkartu Nai eta Promocion Cultural kultur eta giza elkarteak izan dira omenduak. 1970eko hamarkadan Bergaran nabarmendu ziren bi elkarte. Jose Luis Elkoro, Bergarako alkate izandakoak eta Regino Vallek jaso dituzte oroigarriak elkarte haien izenean. Horiekin batera, beste zortzi bergarar: Jose Antonio Agirrebeña, Juanjo Arrieta, Luis Mari Belastegi, Mariasun Calvo, Antonio Ibarra, Inaxio Madinabeitia, Javier Sotil, Jesus Arregi eta Jose Mari Larrañaga.

Jose Luis Elkoro, Bergarako alkate ohiak, hartu du guztien izenean hitza eta joan direnak gogoratu ostean zera adierazi du: «1970ko hamarkadan behar guztiak asetzeko zeuden Bergaran: hezkuntza, osasuna, aisialdia, garraioak, azpiegiturak…, dena zegoen egiteko. Premia horien guztien aurrean, auto-eraketa eta auzolan ariketa ausarta egin zen Bergaran. Garai historiko eta aberatsa bizi izan genituen». Ainhoa Larrañagak, ekitaldiaren aurkezleak, Manolo Cainzosen, Bergarako UNEDeko irakasle ohiaren hitzak aipatu ditu: «Urte haietako herri mugimenduaren oinarriak lau zutabe nagusi izan zituen: Lekuko mugimendua, mugimendu herrikoia, gizarte eraldaketarako giltzarri izan zen mugimendua, eta azkenik, hiru zutabe nagusi izan zituen mugimendu eraginkorra. Ekimen horren emaitzaren adibide ditugu: Aranzadi Ikastola, Zientzia museoa, Zaharren egoitza, Aransgi, UNEDa, anbulatorioa, pintura tailerra, zine kluba, orduan eskuratu zen Bergarako lehen anbulantzia ere…».

Edu Muruamendiaraz dantzari bergararrak Mikel Laboaren 'Martxa baten lehen notak' kantuarekin dantza bikaina eskaini du. Arantxa Manterolak ere omenaldia jaso du. Izan ere, Kilometroak Kultur Elkartean arduraduna izan da azkeneko 10 urtetan eta aurten Nekane Artolak hartu du bere lekua. «Duela 10 urte Oiartzunen hasi nintzen lanean eta benetan ohore bat izan da Kilometroen alde lan egitea» adierazi du Manterolak eskerrak eman ondoren.

Bukatzeko Oñatiko Txantxiku ikastolako Aitor Guridi Txisto eta Zigor Ibarzabalek hartu dute testigua Aranzadi ikastolako guraso elkartearen lehendakari den Aitziber Lopez de Aretxagaren eskutik. Datorren urterako berrikuntzarik nagusia Kilometroak eguna astebete aurreratuko dela izango da Oñatin San Migelak ospatuko dituzte eta. 2017an urriko lehen igandea hileko lehen eguna denez, irailean ospatuko da beraz Gipuzkoako ikastolen festa.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate