Aurtengo Uzarragako Igoeran Deskarga ere igoko dute karreristek

Iñigo Aranburu lehen antzuolarra eta Julen Otero garailea, iazko podiumean Uzarragan. / GAIZKA
Iñigo Aranburu lehen antzuolarra eta Julen Otero garailea, iazko podiumean Uzarragan. / GAIZKA

Hilaren 24an, zapatua, arratsaldeko lauretan hasita jokatuko da eta 67 kilometro izango ditu

JOSEBA LEZETA ANTZUOLA.

Antzuola eta Bergara arteko errepidean autobideko obrek sortutako eragozpenak eta zoruaren egoera txarrak behartuta, aurtengo Uzarragako txirrindulari igoeraren ibilbidea aldatu dute antolatzaileek. Antzuolatik Bergararako jaitsiera bakarra izango dute karreristek, irten eta berehala, eta neutralizatua bera. Ondorioz, Goenbulu igaro eta gero emango dute benetako irteera epaileek. Hil honen 24an, zapatua, jokatuko da, arratsaldeko lauretatik aurrera.

Ibilbide berriaren helburua An-tzuola eta Bergara arteko jaitsiera saihestea da. Aldiz, Deskarga igoko dute parte-hartzaileek. Junior mailakoa izango dira beste behin. Kilometroak 80tik 67ra gutxitu dira.

Antzuolatik abiatu, Goenbulu inguruan irteera eman eta honako ibilbidea beteko da: San Prudentzio, Zubillaga, Oñati, Zubillaga, San Prudentzio, Bergara, Antzuola, Deskargako gaina, Urretxu, Legazpi, Udana, Oñati, Zubillaga, San Prudentzio, Bergara, Antzuola eta Uzarraga.

Futbola

Antzuola Kirol Elkarteko futbol taldeek lau partida dituzte Eztalan asteburu honetan. Nagusiei Azpeitiko Lagun Onak etorriko zaie gaur arratsaldeko lauretan. Aurreko jardunaldian galdu ondoren, beste garaipen baten bila irtengo dira zelaira.

Goizetik, hamaiketan, kadete mailako Antzuola-Aretxabaleta UDA jokatuko da. Biharko geratu dira alebin B mailako Antzuola-Bergara eta arratsaldeko lauretan jarri duten jubenilen igoera faseko Antzuola-Donostiako Santo Tomas Lizeoa.

Infantilak Bergarara joango dira bihar, arratsaldeko hiru eta erdietan Ipintzan etxeko taldeari aurre egiteko asmoz.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos