Txatxilipurdik 105 jostailu bildu zituen Gabonetako truke merkatuan larunbatean

Biteri. Zapatuko truke merkatua./
Biteri. Zapatuko truke merkatua.

ARRASATE.

Txatxilipurdi elkarteak 105 jostailu bildu zituen aurtengo Gabonetako jostailu truke merkatuan, iaz baino 15 jostailu gutxiago. Hala ere 45 trukatu ziren Biteri plazan zapatu eguerdian egindako azokan.

Nahiz eta aurten jostailu gutxiago bildu zituzten, «jostailu ezberdinagoak izan dira eta jende gehiago hurbildu da etxeko jostailuak ekartzera», aditzera eman dute Txatxilipurditik.

Helduak eta haurrak

Orokorrean helduak izaten dira batez ere jostailuak ekartzen dituztenak baina oraingoan, «heldu adina haur gerturatu da eta aurrera pauso handia iruditzen zaigu».

Bestalde, trukera familiak gerturatu ziren -ez helduak bakarrik- eta haurrak izan dira batez ere jostailuak aukeratu dituztenak. Herritarrak egitasmoaren helburuak geroz eta barneratuago dituztela adierazten du horrek eta arrasatearrei eskerrak eman nahi dizkiete Txatxilipurdiko arduradunek.

Trukean jasotako 45 jostailuez gain, Beste 8 oparitu zituen Txatxilipurdik truke eguneko azken momentuan, baina «esan beharra dugu eguraldi euritsua eta oso hotza egin zuela eta honen eragina nabaria izan zela».

Jostailuak sortzeko tailerra ere izan zuten eta pozik sortu zituzten pinguino ontziak, saski nazkiak, arraintxoak... gerturatu zirenek.

Egin zuen eguraldia kontuan izanik, oso balorazio positiboa egiten du Txatxilipurdik eta bertan parte hartu zuten guztiei eskerrak eman nahi dizkie aisia eta euskara uztartzen dituen elkarte honek.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos