Santamas jaien 40. edizioa ekintzaz gainezka dator gaur

ARRASATE.

Aro berriko Santamas jaien 40. edizioa ospatuko da gaur egitarau zabal eta oparoarekin. Aintzinako nekazal-feria hau 1978an berpiztu zuen herritar talde batek zenbait urtetan galduta egon ostean. XX. mendeko garapen industrialak ahaztarazi egin zituen nekazaritza usadioak eta herritar talde baten ekimenez berreskuratu zen baserri-giroko jai hau.

Egun Santamas Komisiñuak Udalaren laguntzarekin antolatzen duen jaiak osasuntsu eta indartsu beteko ditu gaur 40 urte. Horren erakusgarri egun guztian zehar antolatutako egitaraua. Goizez gune desberdinetan ohiko feria izango dira: Laubide plazan ganaduena eta hegaztiena, Seber Altube plazan fruta eta barazki saltokiak eta txapelketa, eta Jokin Zaitegi plazan artisau langintzen erakustaldia.

Zaldibarko frontoia herri kirolen gune izango da beste urte batez: Manu Kañamares 5 metroko alturan egurra mozten arituko da; bikoteka Julen Kañamares, Maika Aristegi, Irati Astondoa eta Mieltxo Mindegia abiadura proba, erresistentzia proba, kolpeka eta trontzan; Josetxo Urrutia harri-jasotzen eta Peio Kañamares motozerrarekin irudiak lantzen.

Txistorra eta talo postuak nonahi, Aramaioko sagardogileak ere Herriko plazan izango dira berriro ere. Dantzariek, trikitixak, txalapartari, albokari, Incansables txarangak eta Iturengo joaldunek girotuko dituzte kaleak, eta 13.45ean txerri-dantza herrikoia dantzatuko da plazan.

Azoka plaza egingo den herri bazkariak 600 lagun bilduko ditu eta 18.00etan profesional mailako pilota partida jokatuko dira Uarkape pilotalekuan.

19.00etan Arbolapetatik abiatuko da Batzen dantza saio herrikoia. 20.00etan plazan txerri zozketa egingo da. Irabazleak 500 euro eskuratuko ditu.

Artisau feria bihar eta etzi

Bestalde, bihar larunbatean irekiko dira bai Biteri plazako patinaje pista eta baita ere Seber Altuben Eskuartean elkartearen artisau feria. Egun osoz egon da irekita, 11.00etatik 14.00etara eta 16.30etatik 20.30etara. Eta 24an, domeka, 11.00etatik 14.00etara.

Askotariko lanak erakutsiko dituzte, formatu ezberdinetan: zilarra, larrua, ilustrazioa, bitxigintza, zeramika... Diseinuzko eta kalitatezko produktuak Gabonetako opari bereziak eskuratzeko aukera bikaina.

Aurtengoak azoka indartu nahian postu gehiago jarriko dituzte. Elorrio, Atxondo, Oñatitik etorritako artisauen lana ere izango dugu gure artean.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos