Kanpanzar Arrasate errugbi taldea denboraldi berria prestatzen hasia da

Denboraldia. Asteartean egin zuten lehenengo lansaioa. / ART
Denboraldia. Asteartean egin zuten lehenengo lansaioa. / ART

Igor Isasiren mutilek aurten Euskal Ligako Lehen Mailan lehiatuko dute, ilusionagarria bezain gogorra izango den erronka

ARRASATE.

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrak 2017-2018 denboraldia prestatzen hasiak dira jada. Behin oporrak atzean utzita eta merezitako atsedena hartu eta gero, Igor Isasik zuzentzen duen taldeak asteartean burutu zuen aurre-denboraldiko lehenengo lansaioa Mojategin. Iaz Euskal Ligako 2. Mailako txapeldunak izan ostean, arrasatearrek aurten 1. Mailan lehiatuko dute, polita bezain gogorra izango den erronkan.

Aurreikuspenen arabera eta Euskal Errugbi Federazioaren konfirmazioaren zain, sarrailagileek iraila erdialdean ekingo diote denboraldi berriari, hilaren 17ko asteburuan, hain justu ere. Isasiren esanetan «aurten talde erronka polita daukagu», eta horri aurre egiteko 'sekretua' zein den argi eta garbi du entrenatzaile zuri-moreak: «gogor lan egin eta baikorrak izan».

Seniorrekin batera, Arrasate Errugbi Taldeko jubenilak ere lanean hasi dira jada. Iaz bezala, aurten ere lehen taldearekin entrenatuko dute, astearte eta ostegunetan -19:15etik 21:00etara-, hain justu ere. Kadete eta infantil mailako ekipoek datorren astera arte ez diete lansaioei ekingo, honako hauek irailaren 5erako jarria baitute hitzordua. Kasu honetan ere entrenamendu egunak berdinak izango dira, baina 17:30etik 19:00etara.

Azkenik, Errugbi Eskolako neska-mutikoek irailaren 10ean, igandean, burutuko dute denboraldi berriko lehenengo entrenamendua. Beti bezala, hitzordua Mojategin izango da, goizeko 10:30etik aurrera. Esan beharrik ez dago, errugbi ezagutu nahi duenak, klubarekin harremanetan jarri edota zelaira gerturatu besterik ez duela egin behar.

Fotos

Vídeos