Jolas guneen gida eskuragarri

Juaristi, Pagoaga eta Zeberio, atzo Monterronen.
Juaristi, Pagoaga eta Zeberio, atzo Monterronen. / GOÑI

Euskal Herriko jolas parke eta jolasgune esanguratsuenen bilduma osatzeko tresna baliagarria izan nahi duen ataria aurkeztu dute

NAGORE GOÑI ARRASATE.

Euskal Herriko jolasguneen gidaren ataria, www.jolasparkeak.eus, online dago jada. Zazpi herrialdeetako aire libreko jolaserako espazioak, gune esangura-tsuenak hain zuzen ere. Gipuzkoan Monterron, Oxirondo parkea, Torrebaso, Bizkaian, piraten kioskoa, Araban, Izkiko jolasgunea, Nafarroan, Los Llanos parkea, Lapurdin, Lilitegia parkea, eta Zuberoan, Atharratzeko Deskantsagia. Guztira 13 daude eta poliki poliki eta jendearen laguntzarekin euskal jolas parke eta guneen mapa osatzea nahi dute, Lander Juaristi (Txatxilipurdi), Itxaso Pagoaga (Olgeta) eta Larraitz Zeberiok (Goiena), egitasmo berri honen sustatzaileak.

«Azken hamarkadetan ohikoa bilakatu da patroi berdineko jolas parkeak eraikitzea han eta hemen. Hainbatetan entzun dugu haur bakoitza mundu bat dela. Beraz, zergatik eskaini jolaserako espazio berdinak haur guztiei? Haurrek, behin eta berriz erakusten digute jolaserako edozein espazio dela egokia edo egitura berdinez ostatutako jolas parkeei beste erabilera bat ematen dietela». Gogoeta honi erantzun bat emateko asmoz eta baita «jolasgune horiek akordura ekarri eta berreskuratzeko saiakera egiteko» ere, lanean hasi ziren.

Jolas guneen aukeraketa irizpide konkretu batzuen bidez egin da, «ahalik eta material naturalenekin egina izatea, parkea osatzen duten elementuen motrizitatea, sormena eta haurraren abentura sena susta-tzea besteak beste, herrigintzatik abiatutako prozesuak izatea, kolore neutroak, doakoak eta estaliak izatea edo kanpo espazioan jolaserako aukera eskaintzea».

Bi multzotan sailkatutako aire librerako jolaserako espazioen zerrenda osatzen du atariak. Alde batetik jolasguneak eta bestetik jolas parkeak. «Lehenengoa jolaserako ere egokiak diren aire libreko espazioak. Hala nola, plazak, parkeak, frontoiak, kontzejupeak, eta bigarrena jolaserako espreski sortutako parkeak». Mapa baten bidez jolasgune bakoitza erraz aurkitu daiteke webgunean eta bakoitzean, izena, kokapena, aparkalekua eta beste ezaugarrien fitxa, argazkiak, deskribapena eta bestelako zerbitzuen atalak agertzen dira.

Izan ere, 13 jolas gunek osatzen dute ataria, baina Euskal Herriko jolasparkeen gida osatzeko gomendio edo proposamenak ere egiteko aukera ematen dute, formulario baten bidez bidaltzeko. Asmoa, hilean behin bat gehitzea da, familientzako tresna baliagarria bilakatuz.

Más

Fotos

Vídeos