Itziar Arregiren hitzaldiak irekiko ditu gaur jolas libreaz hausnartzeko jardunaldiak

DV ARRASATE.

Txatxilipurdi elkarteak 'jolas libreaz' hausnartzeko jardunaldiak antolatu ditu datozen asteetarako. Jardunaldietako lehenengo hitzordua Itziar Arregiren hitzaldia izango da gaur asteazkenean, hilak 28, Kulturareko Jokin Zaitegi gelan 18:30ean.

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Hazitegia ikerketa taldeko kidea da Itziar Arregi, eta jolas libreak hezkuntza sisteman duen presentzia aztertzen ari da. 'Zer da jolas librea eta zertarako balio du?' du izenburua bere hitzaldiak eta hezitzaile, guraso eta interesa izan dezaken edonori zuzenduta dago.

Hurrengo hitzordua martxoaren 17an izango da, larunbata. Txusma Azkona, Haur Hezkuntzan diplomatua eta Lizarrako Arieta Haur Eskolako zuzendari-hezitzaileak, 'jolas librea bizipenetik' gaia landuko du.

Etxaluze eraikinean 9:30etik 13:30ak arte luzatuko den tailerrean familian parte hartzeko aukera izango da. Plaza mugatuak direnez izena aurrez eman beharko da www.txatxilipurdi.eus webgunean 10 euro ordainduta (15 liburuxkarekin).

Mahai-ingurua

Jardunaldion azken ekitaldia apirilak 14an izango da, larunbata. Mahaiaren inguruan batuko dira Jokin Zaitegi gelan 10:30etik 13:00etara ondorengo partaideak: Orbela Natura Hazkuntza Komunitatea (jolasa familian), Antzuolako herri eskolako Mila Etxezarreta (jolasa eskolan), Txatxilipurdi (jolasa aisian) eta Hiritik At (jolasa herrian).

Zaintza zerbitzua egongo da nahi izanez gero, mahai ingurura haurrekin etortzerik ere egongo da.

Zalantza, kezka, bizipenak

Jolas librearen inguruko jardunaldion helburua egunerokotasunean sortzen diren zalantza, kezka eta bizipenak elkarbanatu eta jolasaren inguruan elkarteko noranzkoa finkatzea da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos