Ishiguro Nobel saridunaren obra bat euskaratuko du Jokin Zaitegi bekak

Idazlea. Kazuo Ishiguro japoniar-britainarra da./
Idazlea. Kazuo Ishiguro japoniar-britainarra da.

Irabazleak 6.000 euro jasoko ditu 'The Remains of the Day' eleberria itzultzeko. AED elkarteak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute lehiaketa, udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin.

KEPA OLIDEN ARRASATE.

Kazuo Ishiguro literatura Nobel saridunaren 'The Remains of the Day' eleberria euskaratzea da XXIX. Jokin Zaitegi Sariketaren xedea. Idazle japoniar-britainiarraren liburu hori itzultzeko beka abian jarri dute Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin.

Jokin Zaitegi arrasatear idazlea gogoratzeko eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraitzeko, Jokin Zaitegi Sariketa antolatzen dute.

Ishiguroren 'The Remains of the Day' itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonork har dezake parte beka hori irabazteko lehiaketan. Horretarako, antolatzaileek proposatutako pasartea euskaratu beharko du, eta egindako lana AED Elkartera bidali: aed@aedelkartea.eus helbidera. Dokumentu bi igorri behar dira mezuaren barruan: batean, itzulpena bera aurkeztuko da, ezizen batekin; bestean, ezizen horren ostean dagoen egilea nor den azalduko da, harremanetan jartzeko moduarekin batera. Lanak aurkezteko epea 2017ko abenduaren 22an amaituko da.

Itzuli beharreko testua antola-tzaileek jarriko dute parte-hartzaileen esku. Testu horrek 'Darlington Hall' du izenburua.

Asun Garikanok, Xabier Olarrak eta Xabier Payák osatutako epaimahaiak, jasotako itzulpenak aztertu eta haietako bat izendatuko du irabazle 2018ko urtarrilaren 15a baino lehen.

Aurkeztutako lanek aski kalitaterik ez balute, saria hutsik utzi ahalko da. Kasu horretan, antola-tzaileek aukera izango lukete itzulpen hori enkarguz norbaiti eska-tzeko, bekako diru-kopuruaren truke.

Irabazleak 6.000 euroko saria irabaziko du 'TheRemains of theDay' itzultzeko: diru erdia jakinarazpena egitean jasoko du, eta beste erdia lan amaitua entregatu ostean.

Durangoko Azokarako

Lan amaitua 2018ko irailaren 30a baino lehen entregatu beharko du Elkar argitaletxean. Epeak beteko ez balira, edo itzulpenaren kalitatea nabarmen txarra balitz (epaimahaiaren iritziz betiere), sariaren bigarren zatia jaso ez eta lehena itzuli egin beharko luke irabazleak.

Elkar etxeak -eskubideak aurrez eskuratuta- argitaratuko ditu Ishiguroren eleberria euskaraz, 2018ko Durangoko Azokarako ahal dela. Ale guztietan nabarmen aipatuko da Jokin Zaitegi saria, baita itzultzailearen izena ere, zeinak ez baitu galduko bere lanaren gaineko jabetza.

Más

Fotos

Vídeos