Herriko historia eta kultura Erdi Aroko feriaren ardatz izatea eskatu du AEDk

ARRASATE.

AEDko zuzendaritza batzordeak eskaera irmoa egin die udal arduradunei «Arrasateko historia eta kultura ardatz gisa izango lukeen eredu baten aldeko apustua egin dezaten, hurrengo urteetan Erdi Aroko azoka berriro antolatzeko asmorik izango balute». Esate baterako, «euskarari lehentasuna emanez, egitarauan tokiko artisau eta artistei leku eginez, herriko adituei eta ondarea zabaltzeaz arduratzen diren elkarteei ekarpenak eskatuz edota kultur taldeak azokan integratuz».

Elkarte euskaltzale honen zuzendaritza batzordeak iraileko bigarren asteburuan Erdi Aroko azokak sortu dizkion «kezkak eta gogoetak» kaleratu ditu. Eta lehenengo gogoeta euskararen erabilerarekin lotuta dago. «Azokaren egitaraua iragarri zenean aurreikusi zitekeenez, gaztelera nagusi izan zen haren eskaintzan. Ikuskizunetan euskara umeei eskainitako kontu kontaketetan baino ez genuen entzun. Eta salmenta postuetan ere ez zuen tokirik izan, ez idatziz ez ahoz, hiru-lau mahaitan izan ezik».

Euskara

Jakina da aurrekontua irizpide behinena izaten dela Udalek zerbitzu bat enpresa bati edo beste bati kontratatzeko. Dena dela, AEDko zuzendaritzaren ustez, «beste irizpide batzuek koste ekonomikoak besteko pisua izan beharko lukete, eskaintzen den zerbitzua gure hizkuntzaren eta kulturaren kaltetan izango ez bada. Eta oraingoan halaxe gertatu da».

Izan ere, gaineratzen du, «euskararen erabileraz harago, gure kaleak girotu zituen azoka eredu horrek zerikusi gutxi du Erdi Aroan Arrasate izan zenarekin». Eta, horrenbestez, «aukera ederra galtzen dugu garai oparo hartatik gaurdaino gorde dugun ondare aberatsa belaunaldi berriei ezagutaraziz zaintzen jarraitzeko. Besteak beste, arkitektura eta urbanismoa, egitura sozioekonomikoa, gertaera historikoak, ahozko tradizioaren arrastoak...».

Fotos

Vídeos