Euskararen bidean mintzalagun

Berbalagun. Zinegotzi, euskara irakasle eta euskara elkarteek aurkeztu zuten egitasmoa. / OLIDEN

Mintzapraktika egitasmoaren ikasturtea ireki dute eskualdeko euskara elkarteek. Bidelariek eta bidelagunek laguntasuna eta esperientzia konpartituz ematen diote euskara elkarri

KEPA OLIDEN ARRASATE.

Aurreko urteetan bezala, aurten ere Debagoienean martxan jarri dituzte mintzapraktika programak eta bidelariei eta bidelagunei parte hartzera deitzen diete. Mintzapraktika egitasmoan euskaraz naturaltasunez moldatzen diren lagunak mintzamena hobetu nahi dutenekin elkartzen dira, gustuko dituzten ekintzak burutu ahala euskaraz berba egiteko. Eta dena borondatez, euskararen erabilera bultzatuz, bai euskara maila hobetu nahi duten pertsonen artean eta baita maila txukuna dutenen artean ere.

Hiruzpalau partaideko taldeak osatzen dira, eta talde hauek maiztasun jakin batekin elkartzen dira -gehienak astean behin ordu batez- euskaraz berba egiteko.

Tarteka tarteka, ekintza osagarriak ere antolatzen dira, egitasmoan parte hartzen duten talde desberdinetako partaideak elkar ezagutzeko: mendi eta kultur irteerak, afariak eta Euskal Herria mailan Mintza Eguna bezalako jai eta ekintzetan parte hartzera gonbidatzen dituzte.

Mintzalagun izateko euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko konpromisoa hartzea, bi baldintza horiek, bete behar dira. Geroz eta jende gehiago ari da bihurtzen Berbalagun, Solaslagun, Mintzakide edo Mintzalagun, eskatzen duena baino askoz gehiago ematen duelako bueltan esperientzia honek. Astero ordubete.

Gaur egun Mintzalagunen sarea 6.000 pertsonak baino gehiagok osatzen dute; haietarik 1.200 bidelagunak dira. Guztira Euskal Herrian 1.000 taldetik gora daude martxan. Astero 120 herritan elkartzen dira elkarrekin euskaraz egiteko.

Debagoinenan 200 lagunetik gora parte hartzen du Mintzapraktika egitasmoan. Partaide izan nahi duenak AED elkartea jo dezake, 943 77 12 28 / zaharberri@aedelkartea.eus (Aitor Juaristi).

Más

Fotos

Vídeos