Arrasate 31. literatur lehiaketara aurkezteko epea hilak 16an itxiko da

ARRASATE.

AED elkarte euskaltzaleak antolatzen duen 31. Arrasate literatur lehiaketara lanak aurkezteko epea hilaren 16an amaituko da.

Aurtengo edizioa azken urteetakoen ildotik dator. Hiru lehiaketa aukeran: ipuina, poesia eta bertso-paperak. Aldaketa txiki bat egin dute, ordea: nagusien mailan, parte har-tzea Batxilergora mugatu da eta, horrenbestez, LH5 eta Batxilergoa bitartean ikasten ari diren debagoiendarrek har dezakete parte.

Literatur zaletasuna eta sormena bultzatzeko helburuarekin antola-tzen ditu AEDk 31. literatur lehiaketa hauek. Debagoienean bizi edota ikasten duten gazteek parte har dezakete, LHko 5. mailatik Batxilergoko 2. mailara arte. Soilik euskarazko lanak eta inoiz saritu edota argitaratu gabekoak aurkez daitezke. Gaia librea da lehiaketa eta adin maila guztietan. Lanak aurkezteko bi modu daude aukeran: posta elektronikoz edo paperean. Posta elektronikoz bi dokumentu bidali behar dira helbide honetara: aed@aedelkartea.eus. Dokumentu batean lehiaketara aurkeztutako idazlana joango da, lelo batez sinatuta eta egilearen izenik gabe. Bestean, berriz, datu pertsonalak zehaztuko dira: idazlanari jarri zaion leloa; egilearen izen-abizenak, helbidea, jaiotze-data; ikasturte honetan zein mailatan dabilen; etxeko helbidea; posta elektronikoa, eta telefono zenbakia. Paperean inprimaturik, aldiz, idazlanaren hiru kopia aurkeztu behar dira, lelo berarekin sinatuta hiruak. Horrekin batera gutun azal itxi bat aurkeztuko da, arestian aipatutako datu guztiekin orri batean.

Lanak AED elkartean aurkeztu behar dira, aed@aedelkartea.eus e-postara edo Pablo Uranga 4, behea. 20500 Arrasate helbidera bidaliz.

Finalisten zerrenda maiatzaren 4an kaleratuko du epaimahaiak. Behin betiko irabazleen izenak maiatzaren 10ean jakinaraziko dira.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos