Diario Vasco

'Mami Lebrun', euskalkiak taulan

Aktoreak. Kepa Errasti eta Ane Pikaza aktoreek amona Kontxa hil berriaren istorioa kontatzen dute antzezlan honetan.
Aktoreak. Kepa Errasti eta Ane Pikaza aktoreek amona Kontxa hil berriaren istorioa kontatzen dute antzezlan honetan. / DV
  • Euskalkiak dira pertsonaiak bereizteko erreminta nagusia antzerki obra honetan

  • Kepa Errasti aktore eta gidoilari atxabaltarrak idatzitako antzezlana domekan taularatuko da Amaia antzokian

Euskalkiak izango dira pertsonaia ezberdinak bereizteko erreminta nagusia 'Mami Lebrun' izenburua duen antzerki obran. Kepa Errasti aktore eta gidoilari atxabaltarrak idatzitako antzezlana hurrengo domekan taularatuko da Amaia antzokian (19:30ean; sarrera 10 euro). Errasti bera taula gainean arituko da Ane Pikaza antzezle bilbotarrarekin batera. Hirugarren kidea eszenatokian Ainara Ortega abeslari eta musikagile donostiarra izango da.

Hirurek Getari Etxegarairen zuzendaritzapean dihardute Xake Produkzioak taldearen izenarekin apirilean Tolosan estreinatutako obra honetan.

Euskara batua, lapurtera, bizkaiera eta Debagoieneko euskalkia, Kepa Errastiren jatorrizkoa, entzun ahal izango dira antzezpenean zehar, pertsonai eta testuinguru eta garai ezberdinei egokituta.

Obraren sinopsian, Egoitz eta Miren amona Kontxa hil berriaren omenaldia prestatzen ari dira. Amonaren etxeko ganbaran aurkitutako eguneroko batzuetan oinarrituko dira, Kontxak gaztetan Pariseko Cabaret batean bizitakoak kontatzeko. Horixe izango da omenaldiaren ardatza. Hala ere, Mireni kontatu ez dion sekretu bat dauka Egoitzek...

Orain bi urte, bere amonaren heriotzarekin batera, idazten hasi zen antzerki obra honetan, II. Mundu Gerrako Parisera jauzia egiten du Kepa Errastik.

Aurreko mendeko 40. hamarkadan girotutako klub batean gara-tzen da istorio hau, eta Ane Pikazak amona Kontxaren rola egingo du eta Kepa Errastik Mitxelen papera. Aurreko atalean erabilitako bizkaiera eta debagoiendar euskalkia alde batera utzi eta lapurteraz arituko dira pertsonai berriok.

Aintzinako Parisen kokatutako kontakizun honetan presentzia nabarmena izango du garaiko musikak. Edith Piaf, Kurt Weill eta Mistinguetten abestiak, besteak beste, entzuteko parada izango da. Pascal Gaigne Donostian bizi den musikari frantsesa lagun izan dute; hainbat pieza sortu ditu antzezlanerako, baita garai hartako beste hainbat kantu moldatu ere. Ainara Ortega aktore eta abeslariak amonaren mamuaren rola interpretatuko du.

Memoria, heriotza eta iragana dira 'Mami Lebrun' antzerki obraren gai nagusiak: maite duzun norbaiten memoria nola mantendu, dolua, familiako belaunaldi baten desagertzean; senide horren iragana...

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate