Diario Vasco

'Publikoaren Eragina Kirolariengan' mahaingurua

Hilaren 21ean, asteazkena, Arrasasoi programaren barruan, Udal Kirol Zerbitzuak lau kirolari profesionalekin mahai-ingurua antolatu du Kulturateko Areto Nagusian, arratsaldeko 18:30ean, publikoak euren lanean duen eraginaren inguruan eta ikusleek eduki beharko luketen jarrera ezagutzeko. Martxoan hasi zuten Arrasasoi: hamaika hile, hamaika gai proiektuarekin kiroldegian.

Ordutik hilero ekintza edo saio batzuk burutu dituzte. Datorren asteazkenean izango da mahaingurua. Lau kirolari profesional hauek mintzatuko dira gaiaz: Markel Irizar (Trek-Segafredo taldeko txirrindularia), Oihana Kortazar (Mendi Korrikalaria), Intza Lizarazu (LF 2ko Añares Rioja ISBko saskibaloi jokalaria) eta Jon Salsamendi (Urdaibai Bermeo Arraun Elkarteko entrenatzailea).

«Mahai Inguru honen ideia, Ikusle Onaren Dekalogotik dator. Askotan nabaritu izan dugu publikoaren jarrera ez egokia kantxetan, zelaietan, baita aldapa malkartsuetan ere. Dekalogo honek jarrera hauetaz ohartu eta gure artean zibismoa zabaltzea du helburu», diote kirol zerbitzutik.

Hauxe da azaldu dutenez ikusle onaren dekalogoa: Bere taldea nola irabazten duen bakarrik ikusi nahi duenak, nola galtzen duen ikusteko arriskua dauka, Sarreraren prezioak ez du berarekin atxikita ekartzen iraintzeko aukera, 'Forofismoak' arrazionaltasuna ukatzen du, Ez zaitez multzoaren anonimatuan ezkutatu, dignitatez konporta zaitez, Bultzatu eta animatu, inoiz ez ezazu iraindu, Merituak balora itzazu, edozeinenak direla ere, egindako gauza onak eta politak txalotu itzazu aurkariaren partetik badatoz ere, Zirikatzen duenarengatik aparta zaitez eta jarrera biolentoak salatu itzazu, Arauen ezagutzak objektiboago izatera eramango zaitu, Esfortzua eta lana baloratu itzazu, sekula ez emaitza eta Kirol aurkaria ez da etsaia.