Diario Vasco

EAEko 38 udal euskaltegiek Debagoienean aurkeztuko dute curriculum bateratua

Irakasleak. Arrasateko Udal Euskaltegia Arizmazubi plazan.
Irakasleak. Arrasateko Udal Euskaltegia Arizmazubi plazan. / DV

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 38 udal euskaltegietako ordezkariak Debagoienean bilduko dira curriculum bateratua aurkezteko. Bilera Bergarako Irizar jauregian egingo dute datorren ostiralean, irailak 23.

Aurreko ikasturtean Curriculum bateratua lantzen aritu dira Karmele Zuatzubizkar eta Xiberu Etxebarria, Arrasateko eta Getxoko udal euskaltegietako irakasleak. Egindako lana aurkeztuko dute: «ikasle batek euskaraz ezer ez jakitetik adituaren gaitasuna izan arteko ibilbidea zehazten».

Curriculumaren helburua da «datozen ikasturteetarako lan ildo nagusia finkatzea, udal euskaltegi guztiei norabide berean lan egiteko aukera emango diena». Halaber, Europako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratuarekin bat etorriko da (maila homologatuak...).

Curriculumaren ildo nagusiak dira euskaraz egitea da helburu nagusia, ez 'ikastea'; ekintza komunikatiboan oinarritutako prozesua, egoera errealetan; gizartearen beharretara egokitua; ikaslea protagonista izango duena, erabiltzaile; ikaslearen autonomia sustatuko duena, eta udal euskaltegien arteko elkarlana bultzatuko duena.

Ez da hor amaituko elkarlana. 23ko aurkezpenean aurkeztuko duten dokumentuaren ostean, Bergara, Oñati, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Arrasateko udal euskaltegiek elkarlanean jarraituko dute, curriculuma debagoiendarren premietara egokitzeko .