Aldapa pikoak dituzte Pagamendin behera gaur bizikleta jaitsieran

Jauzi harrigarriak egiten dituzte jaitsieretan.
Jauzi harrigarriak egiten dituzte jaitsieretan. / REUTERS

JOSEBA LEZETA ANTZUOLA.

Azken urteotan bizikleta jaitsieretan diharduten an-tzuolar txirrindulariek euren herrian dute hitzordua gaur. Antzuolako saioaren lehen edizioa jokatuko da goiz eta arratsaldez, ehun bat raiderrek -izen hori ematen diete proba hauetako karreristei- parte-har-tuko dutelarik.

Entrenamenduak goizeko bederatzi eta erdietatik eguerdiko hamabi eta erdietara egingo dira. Benetako saioak arratsaldez dira: hiruretan aurrenekoa eta bostetan, berriz, finala. Euskadiko Irekirako puntuagarria da eta kanpotik jende asko etortzea espero dute antolatzaileek.

Ibilbideak ia bi kilometroko luzera du, 1.900 metrokoa hain zuzen. Pagamendik irten eta trenbide zaharrera helduko dira txirrindulariak. Aldapa pikoak dituzte, ikusgarritasun eta arrisku handikoak. Bihurguneetan trebetasuna eta zuzenguneetan ausardia erakutsi beharko dituzte parte-hartzaileek.

Saioak bukatu eta sailkapenak osatu ondoren, Herriko plazan burutuko da sari ematea. Aparkalekua Oerlikon enpresa aurrean jarri dute. Izen emateak ere han hartuko dituzte, hogei eurotan.

Txirrindularitzarekin jarraituz, errepideko Antzuola Saria-Iñaki Leteren Oromenezkoa jokatuko da bihar goizeko 9:30etatik aurrera. Herriko plazatik irten eta han amaituko da 12:30ean.

Jubilatuen bazkaria, bihar

Herriko jaien egitarauaren barruan, jubilatuen urteko bazkaria egingo da bihar arratsaldeko ordu bietan eskolako patioan. Bazkalostean, dantzaldia izango dute.

Fotos

Vídeos