Diario Vasco

Iraetako tuneleko harria kentzeko 50.000 euro bideratu ditu Diputazioak

Beñar Kortabarria eta Marisol Garmendia, udaletxe aurrean.
Beñar Kortabarria eta Marisol Garmendia, udaletxe aurrean. / ALBERDI
  • Bi hilabeteko lanak dira eta aurten hasi zein bukatzeko asmoa dute arduradunek

Marisol Garmendia Mugikortasun eta Lurralde antolaketako diputatuak Iraetako tunelean iazko otsailean jausi zen harri-tzarra kendu eta ingurua finkatzeko konpromisoa erakutsi zuen Beñar Kortabarria alkatearekin atzo goizean udaletxean izandako bileran. Oinezkoentzat egokitu zen antzinako trenbide zaharrekoa da urtebete itxita daroan tunela. Iñaki Prego Mugikortasun zuzendariarekin eta Miguel Ángel Crespo Lurralde antolaketa zuzendariarekin etorri zen Antzuolara hainbat gairi buruz hitz egitera. Jose Ramon Jauregi eta Basili Ormazabal EAJko zinegotziak ere elkartu ziren eurekin.

Garmendiak berak azaldu duenez, «bi hilabete iraungo dute obrek eta 50.000 euro zuzendu ditu Diputazioak» proiektu horretara. «Aurten hasi eta bukatuko dira».

Prego Mugikortasun zuzendariak, hain zuzen, zera argitu zuen: «Berez ez da bidegorria, bide berdea baizik, eta Nekazaritza sailari zegokion bertan parte hartzea. Baina ematen zaion erabileraz eta eskualdearentzat duen garrantziaz jabetu gara. Ondorioz, geuk egingo diegu aurre lanei. Jauregiko tunelean ere segurtasuna egiaztatzeko asmoa dugu, baina aurrerago beharko du».

Diputazioko kideek baieztatu dute baita Bergaratik Deskargara bidegorria egingo dela, baina autobidearekin batera. Beste bat izango da, trenbide zaharrekotik aparte.

Plan orokorra

Bilera honetan herriko plan orokorraren berrikustea ere jarri zen mahai gainean. Aurretik egin beharreko ingurumen-azterketarako dirua sartu du Udalak 2017ko aurrekontuetan. Ondoren pauso gehiago emango dira eta horietan laguntzeko gertu agertu dira Diputazioko ordezkariak.

Autobus zerbitzuari lotutako kexa ere bada. Izan ere, Bergarako geltokian geratu aurretik herrigune osoan itzulia ematen du ibilgailuak. Diputazioak Bergarako Udalarekin berba egin du bertatik lehenengo aldiz igarotakoan autobusak parean gera-tzeko aukera izan dezan. Egun eraikitzen ari diren biribilgunean autobusak geldialdi laburra egiteko lekua egokitzea onartuta dute. Horrela Bergarako itzuli hori saihestuko lukete toki horretan geratu edota beste herri batera joateko bigarren autobusa hartu nahi dutenek.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate