Borrar
John Andueza liburuarekin.
«Oso nobela ganberroa da, agian idatzi dudan xelebreena»

«Oso nobela ganberroa da, agian idatzi dudan xelebreena»

John Andueza 'Lepoan hartu' nobelaren idazlea eta beste lau libururen autorea da

J. A. M.

Jueves, 1 de diciembre 2016, 00:11

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

John Anduezak bere bosgarren nobela kaleratu du Elkar argitaletxearekin. 'Lepoan hartu' bereziki gazteei zuzendutako istorio ganberroa da. Bihartik aurrera salgai egongo da Durangoko Azokan.

-Zer kontatzen duzu 'Lepoan hartu' liburuan?

-Bilintx institutuko gazteek futbol talde berria sortu dute. Oso talde traketsa da, dena aldrebes egiten duena. Hasieratik arazo potoloa sortuko da, mutiko kokoloek neskak kanpoan utzi dituztelako. Mariola punkia ez dago egoera horrekin konforme, eta gogor borrokatuko du taldea hankaz gora jartzeko.

-Futbola eta matxismoa dira argumentu nagusiak?

-Bai. Baina hamabost urteko gazteak dira protagonistak, eta beraz, euren arteko maitasun harremanak ere oso garrantzitsuak dira, adin horretan hormonak disparatuta egoten direlako.

-Liburu hau ere bereziki nerabeentzako idatzi duzu. Zergatik?

-Alde batetik, eurentzako idazten dudanean ederto pasatzen dudalako. Barruan daramadan adar-jotzailea askatzen dut eta neu ere gaztetu egiten naiz. Beste alde batetik, euskaraz gauza asko publikatzen dira haurrentzat eta helduentzat, baina nerabeentzat oso gutxi. Norbaitek egin behar du lan hori. Ez naiz bakarra, baina saiatzen naiz euren gustuko abenturak asmatzen.

-Aurretik idatzitako 'Larunbatean Bukowskin' eta 'San Ferminetan, Lesakan' liburuetan bezala, hemen ere umorearen bidetik jo duzu?

-Oso nobela ganberroa da, agian idatzi dudan xelebreena. Aurreko biek ederto funtzionatu dute Euskal Herriko ikastetxeetan, eta horregatik animatu naiz sorta horretako hirugarrena idaztera. Behin hasita triskantza galanta antolatu dut, eta espero dut batek baino gehiagok barre galantak egingo dituela. Garbi daukat umorea oso arma potentea dela gazteak erakartzeko.

-Liburuaren azalak atentzioa ematen du.

-Lander Ayllon artista itzela da. Oraingoan ere kategoriako azala marraztu du. Donostiako Bulebarrean protagonista nagusiak ageri dira, munduko sei futbol talde garrantzitsuenen kamisetak jantzita: Erreala, Eibar, Alaves, Osasuna, Athletic... eta Mondra! Musika talde mitiko baten kamiseta ere azaltzen da: RIP, jakina. Igartzen da Arrasatekoa naizela, e?

-Bihar hasiko da Durangoko Azoka. Joanjo al zara?

-Bihar bertan hantxe egongo naiz liburuak sinatzen. Toti Martinez de Lezearen baimenarekin, ea hamar ale saltzen ditudan, ja, ja...

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios