Aurten Gipuzkoako ikastolen festa antolatzen ari den Laskorain ikastolak herriko sortzaile gazteen esku utzi nahi izan du abestiaren ardura.
Inoiz baino goizago heldu da aurten Kilometroetako abestia. Normalean uda parterako iristen bada, inauterietarako ekarri dute aurten, horretan ere berritzaile izan nahi baitute Tolosako Laskorain ikastolako antolatzaileek.
Konpainia zabalean aurkeztu du gaur goizean Donostian 'Ahora' abestia Unai Igartua Kilometroak 2013ren koordinatzaileak. Abeslari edo talde ezagunen bila joan beharrean, Tolosako inauterietan gogotik entzungo den abestiaren sorreran herriko sortzaile gazteak inplikatu nahi izan dituzte, baita ikastola bera ere.
Hartara, Xabier Zeberio produktorearen ardurapean, Juantxo Arakamaren hitzak eta Mikel Zelaia eta Jokin Albisuaren musika uztartu dituzte, reggae ukitu nabarmena duen abestian Bonbereneako txaranga, Laskorain ikastolako abesbatza eta beste hainbat kolaborazio txertatuz. Mezu argia -euskara ahora eramateko aitzakiarik ez dela dioena- eta erritmo bizi-bizia ditu abestiak.

