Joxe Ramon Zubimendik 'Gipuzkoa, Mari-Lur' liburua plazaratu du, non Gipuzkoaren sorrerari buruz diharduen, mito zaharretan arakatuz. Liburu hori beste batekin batera argitaratu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Elkar etxeak; Juan Antonio Urbeltzen 'Gipuzkoa, tierra de moros'-ekin batera, alegia. Zubimendik (Usurbil, 1952) 'Idazkera-liburua' eta 'Jokaera-liburua' idatzi zituen 90eko hamarkadan, biak ala biak komunikazioaren egokitasun eta kalitateari buruzkoak. Zubietaren historia liburua ere burutua du: 'Zubieta, mila urteko herria'. Euskaltzaindiaren Jagonet zerbitzuaren arduraduna da eta euskaltzain urgazlea.
- «Gipuzkoa, Mari-Lur» jarri diozu izenburua zeure liburuari, eta irudipena daukat Mari zer den ulertu ahal izateko berritasunak ekarri dituzula.
- Bai, esango nuke argibide nagusiak aurkitu ditudala. Zer jakin-tsuak ziren gure arbasoak! Harrigarria! Mari, antzinako euskaldunen Jainkosa eta Izadiaren ama, metafisikaren muin-muinekoa da. Liburuan azaldu dut zergatik, eta zer esanahi sakona duten gure aitona-amonen ahoz ahoko kontakizun xumeek. Eskerrak horietako asko eta asko bildu zituen Barandiaranek! Bai altxor sakona! Ikatz beltza zirudien, baina urre gorri bihurtu da argitara orduko. Mari bezalaxe!
- Zazpi Andra Mari beltz ditugu Gipuzkoan. Bada jenderik belztasun horri garrantzirik ematen ez diona: aldareko kandelen keak belztutako irudiak omen dira.
- Orduan zergatik ez da beltza Arantzazukoa, adibidez, Guadalupekoari baino milaka kandela gehiago piztu zaizkion arren? Ez, ez! Zuria zuri da, eta beltza beltz!
- Kanpotik etorritakoak harri eta zur gelditzen dira Euskal Herrian zenbat Ama Birjina dugun ikusita.
- Antzinako euskaldunen Jainkosa, Mari, oraindik ere bizi den seinale da hori. Kanpotarrek, ordea, Jainkoa izaki; ez Jainkosa.
- Zuk diozunez, Gipuzkoako mendi aldean XXI. mendearen atarian bukatu zen Neolitikoa.
- Hor nonbait! Artzaintzan, adibidez, orduko ohitura eta usadiorik bizi da oraindik; eta hizkuntzan, zer esanik ez!
- Bada esaten duenik 'aizkora', 'aizto' eta horrelakoak ez datozela 'haitz'-etik.
- Harrizko (h)ai(t)z- aurrizkiak garbi erakusten duenez, paleolitikoak ditugu, noski, aizkora, aitzur, aiztur (guraize, artazi), azkon (gezi txikia), aizto eta abar; gaur egun metalezkoak izan arren.
- Burdin Aroko Gipuzkoako goi-lurretako herrixka haiek (Tolosa aldeko Intxur, Anoetako Basagain, Azkoiti aldeko Munoaundi...) zergatik hustu ziren badakizu zuk.
- Bai. Orain dela bi mila urte inguru Beterrira jaitsi zirelako Goierriko gipuzkoar haiek. Izan ere, Beterriko erriberak, ordura arte, urak estalitako zingira lohitsuak besterik ez ziren. Eta sastraka, gainera, piztia txarren bizileku. Baina okerrenak zingirako ur zikinetako eltxoak ziren: eltxo emeak zizta egin, odola xurgatu eta malaria delako gaixotasun infekzioso hilgarria kutsa baitezake.
- Malariak milaka hiltzen du, gaur egun ere, jendea.
- Milioika, zoritxarrez. Eta malaria menperatzeko, eltxoak borrokatu eta porrokatu behar dira, zingirak garbituz, ur ustelak bideratuz eta ur garbia profitatuz; bestela, zingiran ezin baita bizi. Eta Gipuzkoako erriberak zingira huts izan ziren, harik eta gipuzkoar haiek, astiro-astiro, arian-arian, Oria ibaiari-eta bere ubideak eta sanpiurak eginez, zingira lehortu eta osasuntsu bizi ahal izateko gai egin zuten arte, hango lur mardula lantzeko. Horrela sortu zen, duela mila urte, Zubietako herria ere, Gipuzkoako Beterriren paradigma bikaina.
- Goierrik sortu zuen, beraz, Beterri?
- Bai, Goierrik menperatu zuen zingirako kaos gaiztoa (Mariren ume «gaiztoa», Gipuzkoako jatorrizko armarriko errege beltza, Mikelats sinbolikoa), eta horrela sortu zen Beterri. Batu ziren Goierri, Beterri eta Kosta, eta sortu zuten Gipuzkoako Ermandadea (gerora, de facto, Gipuzkoako Foru Errepublika).
- Nik umetan Legazpiko udaletxeko fatxadan ezagutu nuen herriko armarrian bi Basajaun ageri ziren alboetan.
- Bai, Zegamako armarrian ere ageri da Basajauna, eta Mutrikukoan ere bi Basajaun ageri ziren, Gipuzkoako armarrian bezalaxe. Orain, aspaldi honetan, bazterturik dauzkagu «salbajeak» omen direlako (eta gu ezjakinak); baina kontuan hartu hau: Gipuzkoa zer den ulertzerik ez dago, baldin eta ez bada ulertzen zer diren Basajaunak eta Basandereak. Antzinako jatorriaren lekukoak dira, Gipuzkoaren zaindariak: begirale argi, sendo, jakin-tsu, lasai; zuhaitz-adar bizi banarekin, erne, Gipuzkoak bere guraso eta zaindari izendatuak.
- Zure liburuan diozunez, hilkutxa bera ere arbola bat besterik ez da funtsean.
- Bai; baina zuhaitza bizia da, eta gure sustrai indartsua. Oraintxe zineman modan dagoen 'Ávatar' film berrian, hor ageri dira «árbol madre, árbol alma» bikainak. Gure arbasoek bazekiten horrenbeste, eta nik liburuan diot euskaldunon jatorri mitikoa hauxe dela: gizon-emakumeok Basajaun-Basandereen seme-alabak gara, eta gure aitona-amonak hartzak dira (ez tximinoak), eta gu guztion arbasoak zuhaitz-arbolak dira (bereziki, aita haritza eta ama gaztainondoa).