Nekazaritzako diru-lagun-tzak; Aiatik Andazarratera doan errepidearen konponketa; Gipuzkoako parketxeen sarea; Altxerriko kobak eta museoa; edota Kudeatuz programaren bidez Aiako turismoaren gainean egingo den parte-hartze prozesua izan ziren hizpide Gipuzkoako Foru Aldundia Zure Herrian izeneko egitasmoaren barnean astelehenean Aian egin zen saioan. Aiako 50 herritar baino gehiagorekin elkartu zen Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano, «elkarlanean» etorkizunera begirako arazoak eta erronkak partekatzeko. Diputatu nagusiarekin batera Eneko Goia, Azpiegitura foru diputatua eta Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea izan zen. Eneko donostiarra izanik, orain sei urte Aian bizi da eta bere hiru seme-alabak aiarrak ditu.
Diputatu nagusiak Gipuzkoaren erretratua eginez hasi zuen ekitaldia; Aldundiaren kudeaketaren berri eman eta Gipuzkoako Foru Aldundiak etorkizuna nola ikusten duen adierazi zien herritarrei. «Gipuzkoak aurrera egingo badu kultura politiko berri bat behar du. Gauzak egiteko beste modu bat». Olanoren iritziz, hori lortzeko, parte-hartze orekatua behar da lurraldearen hiriburuaren eta gainerako eskualde nahiz herrien artean; lidergoa entitate publiko eta pribatuen artean partekatu behar da; eta herritarrek partaidetza eskuratu behar dute. «Gipuzkoaren etorkizuneko proiektua diseinatzen ari gara eta horretarako denon iritzia izan behar dugu kontuan. Gipuzkoa guztion artean egin behar dugu. Denok izan behar dugu Gipuzkoaren etorkizuneko partaide».
Horrexegatik, Olanok eta Goiak Diputazioa egiten ari den lanen berri eman ostean, herritarrei eman zien hitza galderak planteatu, iri-tzia eman edota ekarpenak egiteko. Aiarrek zalantza ugari plazaratu zituzten; ez soilik Aiari buruzkoak, baita Gipuzkoari, eta oro har, euskal gizarteari buruzkoak ere: ezinduentzako gizarte laguntzen, alderdien legearen, krisialdi ekonomikoaren, 2010eko aurrekontuen, Pasaiako superportuaren, normalizazio politikoaren, eta abarren ingurukoak, hain zuzen ere.
Kritikak egiteko nahiz ekarpenak egiteko izan, aiarrek eskertu zuten diputatu nagusia eurekin zuzenean egotea. Euren aurkezpena egin eta gero, ordu eta erdiz aritu ziren Olano eta Goia Aiako herritarrekin elkarrizketan.
Ekitaldian hitzik hartu ez zutenentzat, parte-hartzea bermatzeko eta hurbiletik herritarren iritzia ezagutzeko helburuarekin galdetegi bat pasa zitzaien ekitaldian izan zirenei, Gipuzkoaren etorkizuneko proiektua diseinatzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundia Zure Herrian izeneko ekimenaren helburu nagusia Gipuzkoaren errealitatea ezagutzera ematea eta Aldundia herrietan eta eskualdeetan egiten ari den kudeaketa azaltzea da. Baina horrezaz gainera, herritarren kritikak eta ekarpenak zuzenean jaso nahi ditu Markel Olanok.
Azkoitian izan ondoren, Aiakoa bere bigarren txanda zuen Diputatu Nagusiak eta bere asmoa Gipuzkoako 20-25 herri bisitatzea da.