'Gipuzkoako hegoaldeko euskara' liburu mardula plazaratu du Aitor Azpiazu Ugaldek (Ormaiztegi, 1978). Hiztegi zabal bat da, batzuetan entziklopedia kutsua ere hartzen zaiona. Ez da ate joka ibili. Material guzti-guztia etxe bakar batean jaso du: Legazpin, Brinkolako Olazar baserrian. Aitonaren (Juan Ugalde zena) eta amonaren (Justa Beain) hizkera -eta jakitura- jaso du.
- Nolatan hasi zinen lan hau egiten?
- 1995eko uztailean izan zen, gutxi gorabehera. Hamazazpi urte nituen. Barandiaranen 'Mitología vasca'-k eragin handia izan zuen nigan. Ikusten nuen mundu oso bat galtzen ari zela. Hasiera batean mitologian fijatzen zara, baina gero ikusten duzu mundu oso bat dela, edo mundu ikuspegi oso bat. Lehenengo urteetan azaleko lanak egin nituen, ez dakit nola esan... oinarri edo sistematizazio baten bila.
- Orduan eredu handirik ere ez zenuen izango . Elexpururen 'Bergara aldeko hiztegia' kaleratu gabe egongo zen artean.
- Bergarako liburu hori 2004an argitaratu zuen Elexpuruk, baina bazebilen hor erdi-izkutuan fotokopiazko ale bat. Nik ale hori 2002an ikusi nuen, eta ordurako nik nere oinarriak ondo jarrita neuzkan. Hainbesterako eraginik ez zidan sortu, ez dakit onerako edo txarrerako. Belaunaldi berri honetako hiztegiak lau dira: lehenengoa, Eibarkoa; bigarrena Bergarakoa, hirugarrena Leitzakoa, eta laugarrena hau. Lauren artean, Bergarakoa da estandarizatuena; eta neurri batean eredugarriena ere bai. Eibarkoa etnografiko xamarra da, ez da hain hiztegia; Leitzakoa oraindik etnografikoagoa da, hitz oso jakinetara bideratzen da; hemen ere ere etnografiak pisu handia dauka.
- Bergarakoa da hiztegi izaera gehien daukana.
- Baina arrisku bat ikusten diot. Ba-tzuetan, zera esaten du: «Bergaran hau esaten da, baina Leintz bailaran hau, eta Oñatin hau». Nahasteko arriskua dago.
- Beraz, hamazazpi urte zenituela, ikusi zenuen aiton-amonen etxean egon zitezkeela mitologia arloko arrastoak.
- Nire interesa ez zen soilik mitologia edo etnografia alorrekoa. Hizkuntz interesa ere baneukan. Ni ormaiztegiarra izanda, ikusten bainuen zenbait hitz desberdinak zituztela Brinkolan. Guk «leihoa» esaten genuen, han «bentanea».
- Nola egiten zenuen material bilketa, grabagailu bidez?
- Lehenengo urteetan koadernoa erabili nuen. Galdetu egiten nuen eta apuntatu. Konturatu nintzen zenbait gaitako informazioa ezin zela horrela jaso, grabazioak behar zirela, alegia; esate baterako, gari lanak. 2002an erosi nuen grabagailua.
- Pazientzia galanta izango zuten aiton-amonek.
- Bai, baina gustatzen zitzaien kontu hau, eta gozatzen ziren.
- Aitona Juanek ezagutuko zituen mitologia zaharreko kontu batzuk. Zeinek eduki du «mundu zaharragoa» buruan, aitona Juanek ala amona Justak?
- Zaila da jakiten. Juanengan sekulako eragina izan zuen bere amona zenak. Eta amona haren kontuak bazekizkienez, zuzenean joaten ginen trena etorri zen garaira. Aitonaren hizkera arkaikoagoa zen. Amonarena, modernoagoa da beharbada, baina ez dakit zergatik -ez dut oraindik ulertu- amonak baditu arkaismo batzuk, ia-ia aitonak berak esango ez lituzkeenak. «Amentxe zan eta esmendau egin da» esan zuen behin. Joaten zara Orotariko Euskal Hiztegira eta han dago, baina oso fosil zaharra bezala.
- Zer nahi du esan?
- Desagertu.
- Esan beste hitz fosil batzuk.
- Beste tokietan fosila den hitz bat bada Brinkolan, orainik asko erabiltzen dena: illorra (egilehorra). Mendiko borda edo saletxea esan nahi du. Zegamara edo Urtsuanera joan naizenean, zaharrei galdetu diet eta bakarren batek baino ez daki, nahiz denak informatzaile onak diren. Toponimian bai, gorde da hitz hori: badira Egileor izeneko baserri eta parajeak. Eta beste hitz fosil bat, azkenaldian famatua bihurtu dena: «artxarea».
- Iker Zubeldia bertsolariak txapelketan esan zuena.
- Hori da. Artxareak, gehienbat, illorren barrutan izaten ziren. Illorrak, goi mendiko artzaintza baino, erdi mailako artzaintza adierazten du, 700-900 metro ingurukoa. Eta ar-tzaintza mota hori gaur egun Brinkolan ez da existitzen.
- Esan dezagun zer den «artxarea».
- Ba ardiei jana emateko zurezko egitura, paretaren kontra ohol batzuekin egina. Hantxe lastoa edo bedar ondua ipintzen zitzaien.
- Batzuetan eduki duzu izeba Mariajeren laguntza, hiztegiko sarreretan ikusten denez.
- Berak badaki zein diren galtzen ari diren hitzak, eta aitonari edo amonari entzun ezkero apuntatu egiten zuen niri emateko. Gero nik galdetu egiten nien hitz horien gainean. Izan ere, horrelako hitzak ez dira ateratzen zuk galdetzen duzunean. Eta ez baduzu apuntatzen inor ez da gogoratzen. Kitto.
- Ikusiko zenuen Olazar dela mundu bat.
- Kosmos bat. Baserria izan delako ekonomikoki eta sozialki unitate bat. Eta baserri bakoitza kosmos bat denez, horrek esan nahi du Brinkolan kosmos batzuk bazeudela, baina denak balio berekoak ez, normala den bezala. Candido Izagirrek esaten zuen -ideia erromantikoa ematen du baina- baserri bat husten zenean euskarak gaztelu bat galtzen zuela. Berak ezagutu zuen garai hura, 50eko hamarkadakoa, hainbat baserriren hustuketa gertatu zen garaia.
- Candido Izagirre, alegia, Araotz eta Arantzazuko euskararen bilketa egin zuen fraide frantziskotarra.
- Hori da. Hiztegi hori eredugarria izan zen, bere garairako oso-oso aurreratua. Bera hil zen eta Villasantek bukatu zion lana.
- Zenbat ordu eman dituzu?
- Ez dakit. Urteak bai: hamalau.
- Zu ikasketaz delineantea zara. Nola jantzi duzu zeure burua?
- Hizkuntzalaritzako liburu asko irakurri ditut eta ez dakit menderatu, baina ia-ia. Zuazok eta bere eskolakoek lan on asko atera dituzte, adibidez. Nire iritzi pertsonala da: Barandiaran ikertzaile handia izan zen, baina ez zuen lortu eskola bat sortzea. Pena ematen dit: bere zenbait jarraitzaileren lanak, haren aldean, hutsaren hurrengo dira; bai euskara menderatzen ez dutelako bai Europako aurrerapenak ezagutzen ez dituztelako.