Oiartzungo 29 elkartek hartzen dute parte Euskara Elkartera egitasmoan. 2009an plangintza osatu zuten Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunearekin batera eta baita sinatu ere, Hitzarmen Zehatzak hartutako konpromisu horiek betetzeko. 2009ko urtean zehar lan asko egin da elkarteetan egitasmoa betetzeko eta egindako lanen berri eman nahi izan dute.
Euskara elkartea egitasmoa, berez, 2006an sortu zen. Konkretuki Oiartzungo elkarteetan euskararen erabilera areagotzeko jarri zen martxan. Jakina denez, Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak gauzatzen du egitasmo hau Oiartzungo Udalarekin sinatuta duen hitzarmenaren bitartez. Egitasmo horren baitan 29 elkartek sinatu zuten Hitzarmen Zehatza 2008an. Hitzarmen Zehatzak dira, hau da: elkarte bakoitzak bere konpromiso propioak hartzen diitu bere elkartean euskararen erabilera indartzeko.
Egitasmoan parte hartzen duten elkarteak, ere, oso desberdinak dira: auzo elkarteak, kirol elkarteak, kultur elkarteak, emakume taldeak, gazte taldeak...denetarik dago, eta hartzen dituzten konpromisoak ere oso anitzak dira: elkartearen kanpoko errotulua euskaraz jartzea, programa informatikoak euskaraz jartzea, iragarki taulatan jartzen diren oharrak euskaraz jartzea, beste elkarteekin edo hornitzaileekin dituzten idatzizko harremanak euskaraz izatea, elkartearen izen ofiziala euskaraz jartzea, elkarteetan jartzen diren oharrak eta txartelak euskaraz jartzea.... Eta, Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneak, Konpromiso horiek betetzen laguntzen die elkarteei, informazioa emanez, gutun-ereduak prestatuz, txarteletan eta oharretan beharrezkoak izan diren zuzenketak eta itzulpenak eginez, eta abar.
Euskara bultzatzen
Jabi Elizasu, Oiartzungo Udaleko euskara zinegotziaren baitan: «Oiartzun herri euskalduna dela askotan aipatu dugu, baina hala ere, ikusten da badagoela zeregina. Beraz, Euskararen erabilera indartzen jarraitu behar dugu, eta Oiartzungo Udalak argi du hori. Bide horretan egin dugu apustua Ttur-tturrekin batera egitasmo hau bultzatuz. Bestalde, hitzarmengintza oso eredu egokia dugu hizkuntza politikan aurrera egiteko. Kasu honetan, hitzarmena egin zen lehendabizi Oiartzungo Euskara Elkartearekin, TT-TTrekin alegia; eta, honek hitzarmenak egin zituen gero herriko elkarteekin. Neurrira eginiko hitzarmenetan, elkarte bakoitzak erabakitzen du zer konpromiso mota hartuko duen euskararen alde egiteko. Eredu honi esker, elkarteek zuzenean parte hartu ahal izan dute euskararen normalizazio prozesuan, azken hiru urteetan».