Ibilbide luzeko pertsonei gordetako ohorea da Eusko Ikaskuntzak 1983an sortu zuen Manuel Lekuona saria, euskal kulturari bizi osoan egindako ekarpena gorestea baitu helburu besteak beste Jorge Oteizak, Manuel Lekuonak berak, Carlos Santamaria, Bernardo Estornések, José María Jimeno Juriok, Micaela Portillak, Elias Amezagak, Mentxu Galek edota iazko saritu Montxo Armendarizek eskuratu duten saria.
Aurtengo saria Txomin Peillen ikerlari, idazle eta euskaltzain zuberotarrari ematea erabaki du Eusko Ikaskuntzak, «bere lan osoaren onarpen gisa». Eta Peillenen lan osoa zedarritzea ez da lan erraza, alor ugarri jorratu baititu, ikuspegi oso pertsonaletik betiere, heterodoxia puntuari beti eutsi izan dion ikerlari eta idazleak. 'Paristar euskaldun bat (ni neu...)' izenburua jarri zion Peillenek 1987an argitara eman zuen autobiografia gisakoari. Parisen jaio zen hain zuzen 1932an, zuberotar jatorriko familian. Orain urte batzuk eskainitako elkarrizketa batean gogoratu zuen gurasoak beti euskaraz ari zirela beraien artean, baina frantsesez mintzatzen zitzaiela aita etxeko haurrei. «Euskal Herria bukatua da, ez zarete sekulan itzuliko Euskal Herrira, ez duzue berriz euskara mintzatuko, Euskal Herria galdua da...» esaten omen zien aitak.
Hamalau urterekin ulertu bai baina nekez hitz egiten zuen euskara berreskuratzea erabaki zuen Peillenek. Irakaslea ez zuen nolanahikoa izan, Parisen erbesteraturik bizi zen Andima Ibinagabeitia kultur eragile bizkaitarra baizik. Klase haietan ezagutu zuen, halaber, Jon Mirande, hura ere euskara galdutako zuberotarra, eragin handiko idazle izatera iritsiko zena. Mirandek 1972ko Eguberrian bere buruaz beste egin zuen arte, harreman estua izan zuten. Peillenek -«paganoa eta ezkerrekoa nintzen»- eta Mirandek -«paganoa zen, baina eskuinekoa»- aldizkari bat ere sortu zuten, 'Igela, euskaldun heterodoxoen errebista', beste aldizkari batzuetan argitaratzen ez zietenazentsurarik gabe argitaratu ahal izateko.
Ikasketak hautatzeko orduan, zientzien alde egin zuen TxominPeillenek. Biologia irakasten aritu zen 25 urtez, eta euskara irakasle izan zen gero. 1967an 'Gauaz ibiltzen dana' eleberria argitaratu zuenetik, 30 liburutik gora ekarri ditu. Horien artean aurki daitezke narrazioak, eleberriak, saiakerak, haur eta gazteentzako liburuak, poema liburu bat eta hainbat dibulgazio lan, etnografiaren eta hizkuntzalaritzaren alorrean batik bat.
«Ez naiz pentsamendu bakarrean sartzen, ez naiz molde batean sartzen» esana du bere buruaz Peillenek. Orain, Eusko Ikaskuntzak «pentsamendu berezi» hori aintzat hartzea eta saritzea erabaki du.