Egun osoa bertsotan aritu ondoren, goiz eta arratsaldeko saioetako tentsioetatik libre baina nekeak jota, ez ziren hiztun azaldu finalistak azken hilabete hauetan bertsolari eta bertsozaleen arreta betea erakarri duen prozesu luzearen azken ekitaldi ofizialera: saio amaierako prentsaurrekora.
Izan ere, kazetariei bertsolariak ez gehiegi estutzeko eskatu zien Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakariarena izan zen mintzaldirik luzeena. Ezinbestean azpimarratu zuen «bertsozaleen erantzun ikaragarria», benetan ikaragarria izan baita zaleen jarrera txapelketa osoan zehar, are ikaragarriagoa atzo. Gogora ekarri zuen, hala ere, bertsozaleak sortzea ez dela beti horren samurra: «Galdetu bestela herriz herri bertso eskoletan, ikastoletan eta gainerako eskoletan lanean ari diren guztiei...». «14.500 lagun toki berean ez dira egunero batzen», esan zuen, aitortuz berak «egundoko sentipen pila» izan zituela egunean zehar; besteak beste, «goxotasuna eta inbidia guztioi». Finaleko zortzi bertsolariez ari zen noski, «lehengo txapeldun jaun txit gorenaz», «txapeldun berriaz» eta gainerakoez.
Egunak emandakoaren urgentziazko kronika modukoa ere egin zuen Muruak, etorkizunera begira batez ere: «Bertsogintzan izan da aldaketarik eta berrikuntzarik. Jauzia egin duela esan du jende askok. Gaur ikusi dugu belaunaldi honek zeresan handia emango duela txapelketan. Etorriko dira gauza berriak, zortzikote honengandik ez ezik ate-atean gelditu diren bat baino gehiagorengandik».
Ohore handia bientzat
Ez zen asko mintzatu bere buruaz Maialen Lujanbio. Minutu gehiago eman zituen antolakuntzan ibili diren guztiei egindako lana eskertzen berak egindakoa baloratzen eta aztertzen baino. «Gu gure bertso-kezkekin ibili garen bitartean ikusten ez den lana egiten diren guztiei zorionak eman nahi dizkiet», esan zuen atzo zorion gehien jaso zituen bertsolariak.
Jendearen erantzunak eta txaloek bertsolariei eman zieten indarra ere nabarmendu zuen hernaniarrak. «Erakutsi da bertsolarien artean dagoen harreman ona jendearen jarreran ere islatzen dela», esan zuen. «Saioarekin oro har gustura gelditu naiz, baina zaila egiten zait esatea zein den niretzat egin dudan bertsorik onena. Batez ere arratsaldekoan bakarka egin ditudan bi bertsoekin nago gustura, baina une honetan gauza lanbroa da egindako lana neurtzea. Bertsoak eta gaiak nire ikuspuntu pertsonaletik lantzen saiatu naiz», esan zuen bere lanaz. Besteak beste, horren ordainetan jaso du urte askoan Andoni Egañaren burua estali duen txapela. «Andoniri bereziki erreleboa hartzea ohore handia izan da», azaldu zuen Lujanbiok, eta beste horrenbeste Egañak: «Ohorea da lekukoa ematea, eta Maialeni ematea are handiagoa, urteetan ahalegin handia egin duelako bere bertsokera garatzeko. Plazetan erreleboa emanda dago».
Bere saioarekin ez zen gustura gelditu agur aparteko dotoreziaz esan zuen txapeldun handiak: «Goizean sentitu dut brotxa lodiarekin esnatu naizela, eta gaur brotxa fina ez dut ateratzerik lortu bukaerara arte. Saioan zehar sentitu dut momentu batzuetan desentrenatuta nengoela». Emandako hitza betetzeko prest azaldu zen Andoni Egaña: «Zazpi final jokatu ondoren pozik noa txapelketa uztera. Plazan segituko dut». Bertsolaritzaren inguruko beste lan batean ere jarraituko du atzo, laugarren izan arren, finaleko protagonista izan zen Egañak.