Maialen txapeldun. Bukatu da Egañaren erregetza, eta datozen lau urteotan, gutxienez, erregina izango du bertsolaritzak. Aspaldi ukitu zuen Lujanbiok txapela, baina ez zen bere garaia, sobra ere. Atzo bai, belaunaldi oso baten izenean, bere egin zuen txapela. Hunkigarria izan zen zarauztarraren errelebo aldaketa. Goizean elkarrekin aritu ziren seiko motzean: Lujanbiok giltzurruna eman zion Egañari, eta biak ebakuntzaren ondoren esnatu berri ziren. Bien arteko loturaz aritu ziren. Lujanbiok «orain gu biok badegu zerbait betirako kate» bota zion lehenbizi, eta geroago «orain ez aje ta ez min / aurrera auskalo ez jakin / oraingoz daukat hutsunetxo bat zure izenarekin».
Amets Arzallus, ordea, ez zegoen uzteko, berak ere nahi zuen burua estali. Goizeko saioa oso parekatua izan zen, eta arratsaldean irekita zegoen finala.
Nabarmen gora arratsaldez
Saioak nabarmen egin zuen gora bazkalostean, eta lehen bi sailkatuek oraindik nabarmenago. Bakarkako ariketan luzitu ziren bertsolari gehienak. Iturriaga dutxan zegoen joandaneko ordu erdian, baina markak ez zitzaizkion joaten. «neure burua neuk zauritu dut enuelako bizi nahi / ta orain enaiz ispilura joan eta begiratzeko gai» esanez hasi zen. Bigarren bertsoan erabakiaren zergatia azaldu zuen: «zergatik bizi ta zertarako hau tortura bat dalako / ia egunero sentitzen bainaiz hain miserable hain txarto / akaso gehien maite nuenari hoixe egin niolako». Hona hirugarrena: «behin betirako hil nuelako nik gehien maite nuena / baina sendiak hartu baitzidan abokaturik onena / hiru lau froga aldatu eta orduan kitto problema / ulertu zuten maitea zela zirikatzen zebilena / hura bukatu eta etxean gainera denek omena / ta nik barruan neukana mina samina ta kriston pena / zigorra kendu zidaten baina nik han daramat kondena / bizarra eiteko aizto honekin oraintxe bukatzen dena».
Aitor Sarriegiri anaiak deitu zion laguntza eske, baina ez zegoen emateko: «haseran txikiak ziren parre txiki eta bromak / kapritxoren bat izaten baitu munduan pertsonak / lehenego aldiz ez gara gu trantze egonak / eta gainera gainean dira aurtengo gauonak / baina muga bat behar du anaiaren zorionak / eta ziur har dauzkanak ez dira ideia onak / beste behin ere dirua eskatuko dit gizonak/ nunbait bukatu zaizkio atzo eman nizkionak».
Bakarkakoa buruz-burukoan zetorrenaren aurrerapena baino ez zen izan, ordea. Behin Lujanbio eta Arzallus bakarrik, biek hala biek ere oraindik gehiago emateko zeudela erakutsi zuten. Seiko motzean amaren zain jarri zituzten. Anorexia sendatzeko zentro batetik atera zen bien ama, eta bazkaria prestatzen ari ziren. Lujanbio ulerkor hasi zen: «lehenik pure bat xuabe / gero arraia halare / astiro astiro joan gaitezen baina etenik gabe». Arzallus ere bide beretik: «arrai pixkat bere ditxan / asko ez betiko gisan / berak ere ezetz esan beharrik ez dezala izan». Lujanbiok ama animatu nahi izan zuen gero: «andre ederra zera zu / ispiluari gezurra zuk zeuk esaten diozu». Arzallusen erantzuna, honakoa: «Baina ze ispilu istilu / ze arma ta ze izkilu / gaurtik aurrera gure begiak dituzu ispilu». Kartzelako lana gogoangarria izan zen, baina puntutan berdin geratu ziren ariketa horretan.
Jon Maiak sapaia bajuago izan zuen, baina saio osoa egin zuen, erregularra. Ez zen erosoa zumaiarrari entzutea, bertsoak entzulearengana baino bide handiagoa egin behar baitzuen entzuleak bertsorengana. Aseta geratu zen bide hori egin zuena, bakarka erritmo geldoan aritu zen, baina baita bizi ofiziotan ere. Egañarekin kantatu zuen goizean, zortziko nagusian. Egunkariako bi auzipetu, kamisetak eta bestelakoak saltzeko mahaia jarri berria zuten. «Hara jendea trumilka dator bat besten atzean hor ai / hoien paparrak bete ditugu gure bihotzak ere bai» hasi zen Egaña, eta Maiak erantzun: «luze joan da baina azkenik nola heldu den garaia / gure mahai hau da gure herriai begiratzeko talaia / kola hain degu luzea eta horren txikia da mahaia / elkartasuna da gure herriak ematen digun epaia».
Aipagarria baita, lan berean, Sustrai Colinak eta Unai Iturriagak egindako saioa. Teleberriko aurkezleak biak, durangarrak hanka ukitu zion urruñarrari. «gabon buenas notxes esan ta kolpera / teleberri erdian posible ote da / hanka bota ez du ba nere hankartera / telezerri izango da hemendik aurrera» hasi zen Colina. Iturriagak: «zuk nahi duzuna baina belauna ze bero / orain bideo bat dago luzaroan bego / formatu honetara ez zara ohitu edo / hau aurrerapena da notizia gero». Urruñarra ziraunaren pare ateratzen da, ordea, edozein zirrikitutatik: «alboan utzi zuten aurkezlea izarra / ta bere partez jarri unairen bizarra / zuk izan nahi zenuke notizi estelarra / baina laburregia duzu titularra». Iturriagak berriro: «ta titular laburrik ez al duzu maite / halaxe izan dira behintzat orain arte / esaldi laburtxo bat geure erremate / edozein kazetarik luzatu dezake».