Pasa den ostegunean, Oiartzungo Manuel Lekuona Udal liburutegian, Oiartzungo Euskararen kale erabileraren neurketaren aurkezpenaren berri eman zuten Jabi Elizasu, Oiartzungo Udaleko Euskara zinegotziak eta Olatz Altuna Soziolinguistika Klusterreko kideak.
Euskararen kale erabilera %62koa da Oiartzunen. 2008an Soziolinguistika Klusterrak egindako ikerketaren emaitzek hala diote: «herrian ematen diren hamar elkarrizketetatik sei euskaraz direla».
Olatz Altuna Soziolingustika Klusterreko kideak agertu zituen datuak eta ondorioak herriko euskaltzaleen aurrean. Horrela, datu garrantzitsua da Oiartzunen mantendu egiten dela euskararen erabilera indizea; 2005eko neurketan beherakada gertatu bazen ere, berriro ere 2001eko datuen parean baitago. «Kezkatu gintuen beherakadak, baina esan genuen joera euskararen erabilera jaistea zela baieztatzeko datozen urteetako neurketetan errepikatu behar zuela fenomenoak».
Jabi Elizasu Euskara zinegotziak aipatu zuenez, «interesgarria da horrelako neurketak egitea, euskarak non dituen hutsuneak eta zein taldetan eragin behar den argitzen baitu». Udaleko Euskara sailak bi gunetan zehaztu zuen inziditu beharra: gazteen artean (14-24 urte) eta guraso euskaldunen artean.
Haurrek, emakumezkoek eta herrigunean hitz egiten dute euskaraz gehien datuei erreparatuz, Elizalden hitz egiten da gehien euskaraz (%68,5) eta Arragua-Iturriotz-Ugaldetxo eremuan gutxien (%44). Karrika-Altzibar-Gurutze eremuan elkarrizketen %56,4 da euskaraz. 19 urtean %14 igo da euskararen erabilera herrigunean.
Emakumeen artean gehiago hitz egiten da euskaraz gizonezkoen artean baino (%64 emakumeen artean; %58 gizonezkoen artean). Horrez gain, haurrak dira euren artean euskaraz gehien egiten dutenak (%80) eta adinekoak gutxien (65 urtez gorakoen elkarrizketen %47 da euskaraz). Gazteen artean, berriz, %60koa da euskararen erabilera, umeena baino %20 gutxiago.
Haurrak, izan ere, elementu garrantzitsua dira hiztunen hizkuntza zehazteko orduen: haurrekin diren elkarrizketa gehienak (%76). Haurrak ez daudenean, berriz, ia erdira jaisten da euskarazko elkarrizketen kopurua (%44). Haurrak aurrean daudenean, baina elkarrizketa bi helduren artean denean ere, euskararen erabilera murriztu egiten da (%50).
Eustaten 2006ko datuen arabera, oiartzuarren %73 da euskalduna eta %15 ia euskalduna (hala ere, esan beharra dago EUSTATek neurketa hori egiteko garaian metodologia aldatu zuela eta fidagarritasuna ez dagoela frogatuta; euskaldun kopurua asko jaitsi baita urte gutxiren buruan datu horien arabera)
Neurketa hiru eremutan
Soziolinguistika Klusterrak zuzeneko behaketarekin neurtu du euskararen kale erabilera: aurrez markatutako hiru ibilbidetan topatzen zituzten herritarren elkarrizketak entzunez. Neurtzaileek hainbat gauza apuntatu zituzten: hiztunen adina, generoa eta haurrak bai ote zeuden elkarrizketa unean. Oiartzun hiru eremutan banatu da ikerketa egiteko: Elizalde; Arragua, Ugaldetxo eta Iturriotz, eta Karrika, Altzibar eta Ergoien. Metodo hau neurketa egiten den aldiro mantentzen da, «fidagarritasuna mantentzeko eta datuak alderatu ahal izateko». «Ideala auzo bakoitzean neurketa berezitua egitea izango litzateke», uste du Aitziber Arnaiz Euskara udal teknikariak. 2011 urtean, Euskal Herri osoko euskararen kale erabilera neurketa egingo da.
Porrotx Oiartzun irratian
Gaur, ostirala, Porrotx pailazoa etorriko da Oiartzun Irratiko estudio txikira. Urrian egin zioten elkarrizketan zin egin zuen urtea amaitu aurretik berriro etorriko zela esanez, eta ez du hutsik egin. Beraz, eguerdiko 12:00etatik-13:00etara izango da Oiartzun Irratian, eta entzuleek nahi dutena galdetzeko aukera izango dute, FM 107, sintonian.