Euskararen Nazioarteko eguna aukeratu zuen Irungo Udalak euskararen web orri berria aurkezteko. Atzo bertan zabaldu zen www.irun.org/euskara helbidean bisitatu daiteken ataria. Fernando San Martin Euskara ordezkariak web orriaren xehetasunak azaldu zituen, Eli Pombo I-Ametzako gerenteak lagunduta. Enpresa hau atariko informazio-trama ehun-tzeaz arduratu da.
San Martinek azpimarratu zuenez, euskararen sustapenean «aurrera egin dugun arren, bide luzea gelditzen da». Irungo Udalaren euskararen atariaren bidez, «tresna eraginkor bat eskaini nahi zaie urteko 365 egunetan euskaraz bizi nahi dutenei».
Fernando San Martinek azaldu zuenez, web orria «hirian euskara biziberritzeko egiten diren ahaleginen bozgorailua» izateko bokazioarekin jaio da.
Ikasi, erabili eta aberastu
Eli Pombok argitu zuenez, web orriaren bisitariak «beraien beharren arabera» hiru aukeren artean hautatu dezakete: euskara ikasi, erabili, edo aberastu.
Lehenengo atala «euskarara lehendabiziko aldiz hurbiltzen diren pertsona edo hizkuntza ikasi nahi dutenentzat» pentsatuta dago. Bertan aurkitu daitezke «ikasteko aukerak, formazio ibilbidean laguntzeko hainbat diru baliabide (diru-laguntzak, bekak...) eta baliabide teknikoen zerrenda bat», non zenbait hiztegi eta web interesgarriren loturak biltzen dira. Gainera, «Irungo Udal Euskaltegiaren eskaintza biltzen duen web orria sortu da, honen inguruko informazioa emateko».
Atari berriaren bigarren atalean «Irunen euskaraz bizi ahal izateko dauden aukera guztien berri» ematen zaie bisitariei, «giden bitartez, udalerrian bideratzen diren jardueren berri emanez, edota Udal Euskara Arloak horretarako dituen Plan eta programen berri emanez». Familian, aisian, kirolean edo lan munduan euskera erabiltzeko aukerak zerrendatzen dira.
Euskara aberastea da azken atalaren helburua. «Bisitariei tresna kualifikatuak eskaintzen zaizkio ikasi duten hori hobetzeko, edo besterik gabe hizkuntzan sakontzeko linguistikaren alorrean». Hirugarren atalak zenbait bitxikeri biltzen ditu. «Aipagarriak dira Irungo Udalak herritarren esku jarri duen datu-base toponimikoa, edo Irun eta Hondarribiko euskararen soinu-ondarea jasotzen duten transkripzioak». Beste edukien artean, softwarea euskaraz erabiltzeko baliabideak edo euskarazko produktuen katalogoa (jostailuak, komikiak, filmak...) aurkitu daitezke.
Eli Pombok azaldu zuenez, atariak «2006an Irungo Udal Batzarrak onartutako Euskara Biziberri-tzeko Plan Nagusiaren eskema jarraitzen du». Bisitariei laguntza eskatu zien edukia eta diseinua hobetzeko, «izan ere kontu solteak geratzen baitira, pixkanaka pixkanaka lortzen direnak».