Andoaingo Udalak, euskararen alde, «gehiago, gehixeago» egiteko eskatu die bizilagunei, salbuespenik gabe. Horrela dio, joan den astean, aho batez, onartu zuen adierazpen instituzional batean. Bertan, azpimarratzen du merezi duela 'gehixeago' egitea inork galtzen ez duelako, guztiok irabazten dugulako, euskararen eta gaztelaniaren arteko elkarbizitzak irabazten duelako eta elkarbizitza sozialak irabazten duelako.
Gizartean euskara normaliza-tzeko asmoz, Udalak hiru konpromiso hartu ditu: alde batetik, erabileraren alde, erabilerak bakarrik bermatzen duelako hizkuntza baten bizitasuna, biziraupena eta hazkundea. «Kalean ikusi nahi dugu euskara, etxean, enpresan, eskolan, komunikabideetan, anbulatorioan, zinean, kiroldegian, musika-eskolan, Basteron, zaharren etxean, dendetan, aisialdiko jardueretan; ez museo batean», dio Udalak. Euskara, gaztelaniaren ondoan, bizirik ikusi nahi du eta horretarako bide bakarra erabilerarena dela azpimarratzen du.
Bestetik, atxikimenduari buruz hitz egiten du, «herritarrek libreki eta irmo bat egiten badute bakarrik lor dezakegulako hizkuntza bat modu naturalean eta ohikoan erabiltzea, baita euskara ere». Kasu honetan beharrezkoa da legeen babesa eta botere publikoen laguntza konprometitua, nahiz eta herritarren borondatea eta atxikimendua erabakitzailea eta garrantzi-tsuena izan. Udalak hartu duen hirugarren konpromisoa adostasuna da. «Guztion artean adostu behar dugulako euskararen erabilera biziberritzeko jarraitu beharreko bidea, jarrera bikoitza erakutsiz: jarrera malgua, euskal herritar gehien-gehienak bereganatuko dituzten polítika adostuak eta eraginkorrak garatzeko; eta konpromisozko jarrera, geroz eta elebidunagoa den gizartearen ikuspegitik euskararen erabilera bultzatuko duen politika aktiboak sustatzeko». Frantzisko Xabier egun honetan dei egiten die herritarrei euskararen alde gehiago egin dezaten, dakitenek erabil dezaten, eta ez dakitenek ikasteko ahalegina egin dezaten. Era berean hizkuntza guztiak errespetatzeko dei berezia egin du: bai euskara eta baita gaztelania ere, beraz, elebitasuna, errespeta tzeko, «euskararen erabilera modu eraginkorrean bultzatzeko egiteko eder horretatik inor baztertu gabe, eta inork bere burua kanpoan utzi gabe».
Egoera hobetu da
Euskararen egoera nabarmen hobetu da azken hamarraldiotan, gero eta gehiago baitira euskara dakitenak. Estatistika ofizialen arabera, herritarren erdiak du bere burua elebiduntzat, eta beste %20 euskara ulertzera iristen dira. Horretaz gain, 25 urtetik beherako andoaindar gazteetatik gehienek ezagu-tzen dituzte bi hizkuntza ofizialak. Baina, oraindik «bide luzea dugu aurretik, lan asko dugu egiteko, elebitasun orekatu eta eraginkorra eraikitzea baldin bada gure helburua» gogoratzen du Udalak.
Guztien arteko adostasuna
Udalaren Euskara teknikaria den Patxi Baztarrikak adierazten du «Euskara indartuko baldin bada ezinbestekoa da guztien arteko adostasun ahalik eta zabalena izatea euskararen erabileraren alde. Horregatik da poztekoa eta txalogarria Andoaingo Udalak Euskararen Eguna dela-eta onartu duen adierazpen instituzionala: talde politiko guztiek, kolore politiko desberdinetakoek, denek onartu dute euskararen erabilera bultzatzearen aldeko adierazpena. Euskara Ba-tzordean ikusi dut hasieratik bat etorri direla guztiak, eta hori euskararentzako ona da. Adostasuna aldarrikatu ez ezik, praktikatu egin du Udalak euskararen mesedetan».
DVri egindako adierazpenetan, Baztarrikak esan du «Euskara indarberritzeko ez dago errezeta magikorik: bizitzako arlo guztietan erabiltzea da bitamina bakarra. Maitasun gutxixeagorekin bizi daiteke, baina erabili gabe arnasarik gabe geratuko litzateke euskara, edozein hizkuntza bezala». Bere ustez, «Erabiltzeko jakin egin behar da Andoainen herritarren erdiak badaki euskaraz, eta beste %21ek badaki zerbait. Jakinda ere, erabiltzeko aukerak eduki behar dira, aukerak sortzen laguntzea da herri-erakundeen egiteko nagusia, eta horretan saiatzen da Udala eta saiatu behar gara gehixeago Udaletik,zerbitzu publikoetan euskararen erabilera bermatuz eta bultzatuz. Baina, gainera, erabili nahi izan eta erabili egin behar da, eta hori herritarren esku dago. Andoainengehiago dira euskaraz dakitenak euskara erabiltzen dutenak baino. Herritarrek jakin behar dute erabileran dagoela koska, eta hori batez ere euren esku dagoela. Hiztunek bakarrik salbatu dezakete euskara, kanpotik inork ez du biziberrituko».