Mintzola Fundazioaren aurkezpenerako antolatu ziren ekimenen barruan, ahozkoa aztertu eta irakatsi beharraz aritu zen Itziar Idiazabal. Irakaslea da, Euskal Filologiako katedraduna Euskal Herriko Unibertsitatean eta, ahozkotasunaren inguruko alorra gutxi jorratu bada ere, bere lan eta gogoetak erreferentziazkoak dira Mintzola Fundazioak landu nahi duen eremu horretan.
- Etengabe egiten dugu hitz, baina ez dakigu oso ondo zer den ahozkotasuna.
- Ahozkoa eta idatzizkoa kontrajartzea da gaizki egiten dugun aurreneko gauza. Idatzizko asko dauden bezala, ahozko asko daude, hizkuntza anitza, dibertsoa eta aldakorra delako. Hortik abiatu beharko genuke, ahozkoa oraindik oso gutxi aztertua izan den heinean bakoitzak dituen usteetan oinarritutako irudia baitaukagu gehienbat.
- Ahozkoa eta idatzizkoa, biak hartu beharko genituzke beraz aintzat hizkuntza bat aztertzerakoan eta irakasterakoan.
- Horrela da. Bi agerrera horiek geroz eta nahastuagoak eta lotuagoak daude, gaur egun hiztun gehienak idazle ere bagarelako. Horrek batak bestearengan duen eragina areagotzen du. Orain arte pentsatu izan dugu gramatika ondo menderatuz gero badugula oinarria, eta horrekin beste guztiak ulertzen edo konpontzen ditugula, baina horrek ez digu balio, gauza batzuk konpontzen dituelako baina beste batzuk ez. Eta idatzizkoaren gramatika bera ere ez dugunez ondo aztertu, ahulago geratzen gara ahozko moldeen azterketan.
- Estatus kontu bat ere badago: idatzizkoa da jasoa, eta ahozkoa arrunta.
- Aspalditik datorren kontua da hori, eta euskara bezalako hizkuntza batean oso gertu daukagun zerbait. Orain 50 urte euskera erabiltzen zutenek oso gutxi irakurtzen zuten, eta ia inork ez zuen idazten. Ahoz egindako hizkuntza da euskara -munduko gainerako hizkuntza guztiak bezala, bestalde- baina garrantzi handiagoa eman zaio beti idatziari, nahiz eta beti izan den garrantzizkoa gauzak ondo esatea. Dena den, gaur badirudi ahozkoa garrantzia errekuperatzen ari dela.
- Ahozkoa behar bezala ez menderatzeari egozten zaio maiz euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko distantzia handia. Eskolak, esaterako, aldatu egin beharko lituzke hainbat irakaskuntza molde?
- Euskara uste edo behar baino gutxiago erabiltzearen arazoa ez dator bakarrik eskotalik. Oro har, ahozko erabilerei ez zaie beharrezko garrantzia eman. Horrek eragiten du, besteak beste, eskolan eskatzen diren eginkizunetarako ondo moldatzeak ez duela ziurtatzen gero ahoz, batean edo bestean erabili behar denean, behar den gaitasuna edukitzea. Eskolak ez dio garrantzi handirik eman ahozkoari ez gaztelaniaz,ez euskaraz, baina gaztelaniaz mintzatzeko gaitasuna beste bide batzuetatik lortzea errazagoa da askorentzat. Zentzu horretan, guretzat hartu ditugun eredu asko oso mimetikoak dira, gure zoritxarrerako, beste hizkuntza batzuk askozaz modu biziagoan irakasten direlako, edo moldatzen delako eskola irakasten diren hizkuntza horiek benetan baliagarriak izan daitezen. Gurean hizkuntzaren irakaskuntza oso gramatikalista eta normatibista da, idatziaren menpekoa, eta horrek eragiten du ez horrenbesteko arrakasta izatea. Ahozkoa gehiago landuko bagenu, behar bada beste gauza batzuk hobeto joango lirateke.
- Arautu daiteke ahozkoa Euskaltzaindia idatzizkoa arautzen ari den bezala?
- Euskaltzaindian zein Euskaltzainditik kanpo, ahozkoaren azterketa oso gutxi egin da. Hortaz, ez baldin badakigu ahozkoak nola funtzionatzen duen, nekez esango dugu zein den araua, ez bada maila oso fonetikoan. Horrelakoak dira ematen eta aplikatzen ari diren arauak, hitzaren mailakoak, eta nire ustez horrek ez dauka horrenbesteko garrantzirik.
- Zerk du ba garrantzia ahozkoaren kasuan?
- Hizkuntzak funtzionatzen duen edo ez inporta zait, mezua pasatzea lortzen duen edo ez. Akademiek eta eskolek beti dute buruan araua, baina arauak emanez ez da hizkuntza erabiltzen irakasten. Eta hizkuntza erabiltzen irakastea da mezua pasatzeko gaitasuna ematea, behar den lekuan behar den modukoa, ezin baita irakatsi toki guztietarako baliagarria den molde bat. Hizkuntza jardun bakoitzak bere forma du, eta horretaz oso gutxi dakigu. Ezagutzen duguna da gramatikaren arau sorta; horiek pasatzen ditugu eta lasai gelditzen gara. Baina, askotan, horrekin jarioaren edo hitz egiteko gogoaren eta abilidadearen kontrako zerbait lortzen dugu. Eskolak horri heltzen dio segurtsuna ematen diolako, baina ez da nahikoa. Idatzirako arau batzuk edukitzeak izugarrizko mesedea egiten du, eta zentzu horretan ondo ikusten dut, baina euskararen erabilera indartu eta garatzeko uste dut irtenbia ez dagoela arauetan inondik ere.
- Behin eta berriro aipatu duzu ahozkoaren inguruko azterketen eskasia. Lagun dezake Mintzolak hutsune hori betetzen?
- Ahozko molde berriak sortu eta aztertu beharra oraindik handia da. Lan handia dago egiteko, eta hainbat erakunderen artean konpartituko beharko litzateke lan hori, Mintzola barne. Bertsolaritza bezalako ahozkoaren erabilera jakin bat oso ondo aztertu da, esate baterako, eta eredu bezala har daiteke beste erabilera asko ere horren ondo aztertuak izan daitezen... Baina bertsolaritzako moldeek ez digute balio beste molde batzuetarako. Molde horiek ezagutu egin behar dira, eta ezagutzearekin batera dauden bitartekoak indartu, aintzat hartu eta ezagutarazi egin behar dira. Hala ere, hizkuntza ezin du erakunde batek sortu, gizarteak berak baizik.